Lehen ere esana zuen Juan Kalparsoro EAEko fiskal nagusiak Hasier Arraiz Sortuko presidentearen aurkako auzia artxibatzearen aldekoa zela, eta gaur berretsi egin du. Fiskalaren ustez, atzo Arraizek egindako deklarazioarekin, "garbi dago" azaroan egindako adierazpen haiek ez zirela izan ETAren indarkeria justifikatzeko, ezker abertzalearen azken 35 urtetako ibilbide politikoaz "harro" zegoela adierazteko baizik.
"Sortuko presidenteak eginiko adierazpenek terrorismoa justifikatzen dutela interpreta dezakete zenbaitek, baina atzo garbi utzi zuen, inongo momentutan ez zela ETAren indarkeriaz ari. Ezker abertzalearen jardun publikoaz eta 1978an trantsizioa edo sistema konstituzionala ez onartzeko hartu zuen erabakiaz ari zen, diktadurarekiko benetako haustura suposatzen ez zutelako".
Kalparsorok, dena den, adierazi du hori bere iritzia dela; akusazioak "beste zerbait" ulertu duela, eta "ikusteko" dagoela epaileak zer erabakiko duen.