Herri honek Guardia Zibilari xake-mate egiteko unea da", esan zuen Hasier Arraiz Sortuko presidenteak urtarrilean. ETAri babesa ematea egotzita Guardia Zibilak hamasei lagun atzeman ostean egin zituen adierazpen horiek, eta orain auzipetu egingo dute. Dignidad y Justicia elkarteak salatu du hitz horiek irain bat eta mehatxu bat direla, eta EAEko Auzitegiak bere egin du fiskaltzaren tesia. Nekane Voladok eta Francisco de Borjak, ordea, boto partikularra eman dute.
[berriatb]http://www.berria.eus/berriatb/2292/[/berriatb]
Mate operazioa deitu zuen Guardia Zibilak urtarrilean egin zuena, eta aurretik Xake izendatu zuenaren segida zen. Arraizen adierazpenak hortik zetozen; polizia indarra Euskal Herritik joateaz ari zen.
Arraizen esanak delitu izan zitezkeela azpimarratu zuen Juan Kalparsoro EAEko Auzitegi Nagusiko fiskalburuak. Hala, auzitara eramatea ez duela gaizki ikusten esan dio Auzitegi Nagusiko Zigor Salari, eta Dignidad y Justicia elkarteak Arraizi jarritako kereila babestu zuen hala.
Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkari Carlos Urkijok salaketa jarri ostean hasi zuen ikerketa fiskalak. Espainiako Estatuari eta Guardia Zibilari "irainak eta mehatxuak" egin izana egotzita salatu zuten Arraiz.
Dignidad y Justiciak Sortuko presidentearen aurkako kereila aurkeztu zuen gero, auzibidea abiatzeko eskatuta.