Arrasaten (Gipuzkoa) urtarrilaren 5ean Jokin Zaitegi kalean Caixaren egoitzaren kontrako erasoaren ondoren ospitalean ingresatuta zegoen gizonezkoa hil egin da. Larunbatean zendu zen, Gasteizen, Txagorritxu Ospitalean. Ambrosio Fernandez Recio da hildakoa, 79 urtekoa, eta urtarrilaren 8tik ospitaleko Zainketa Intentsiboetako Unitatean (ZIU) zuten medikuek.
Izan ere, "bihotzeko arazo desberdinak" zituen Fernandez, Arrasateko Udaltzaingoak jakinarazi duenez, eta azkeneko bi hilabeteetan arazoak areagotu egin zitzaizkion. Hil egin da azkenean.
Lehendik osasun arazo handiak zeuzkan hark. Jose Luis Etxeberria Arrasateko udaltzainburuaren esanetan, "tronbosia izana zuen eta arnasa hartzeko arazoak zeuzkan". Erasoan Caixako egoitzari su eman zioten ezezagunek eta keak Fernandezi -etxepean bizi zen- onik ez ziola egin esan du Etxeberriak.
50 bizilagunek suteagatik ordubete pasatu zuten kalean orduan eta, eraikinak izandako kalteen ondorioz, egun batzuetan hoteletan bizi behar izan zuten. Fernandez erasoaren hurrengo egunean etxean zen -urtarrilaren 6an-, baina 7an gaizki sentitu zen eta 8an eraman zuten Txagorritxura.
Hilera elizkizunak gaur egingo dira Arrasaten, San Juan Bautista parrokian, 19:00etatik aurrera.
Arrasateko kale erasoaren ondoren ingresatuta zegoen gizonezkoa hil egin da
Erasoa urtarrilaren 5ean izan zen eta 79 urteko gizonezkoa "bihotzeko arazoekin" sartu zuten ospitalean. Lehendik osasun arazo handiak zeuzkan, eta erasoaren ondoren okertu egin zen haren egoera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu