Arrastoak azaldu dira

Ume lapurtuen auziari lotuta hilobi bat zabaldu dute Galdakaon: hezur arrasto batzuk aurkitu dituzte kutxa barruan

Ume baten hilobia zabaldu zuten atzo goizean Galdakaon. L. JAUREGIALTZO / ARP.
Garikoitz Goikoetxea.
2012ko martxoaren 22a
00:00
Entzun
Aurreko hiru kasuetan ez, baina laugarrenean bai: hezur arrastoak topatu zituzten atzo Galdakaoko hilerrian, Bizkaian, zabaldutako hilkutxan, auzitegiko iturriek baieztatu dutenez. Epaileen aginduz Hegoaldean zabaldutako laugarren hilobia zen. 1971n jaiotako ume baten gurasoek eskatuta ireki zuten, susmoa baitzeukaten lapurtu egin zietela haurra; hil egin zela esan zieten aita-amei. Hilkutxan hezurrak agertu izanak, ordea, ez du ziurtatu umea zegoenik hobiratuta: agertutako hezur arrastoak adingabe batenak direla egiaztatuko dute lehenik, eta ondoren, familia horretako umea zela. Espero dute bi hilabeteren buruan jasotzea emaitzak.

Ikusmina sortu zuen hilobia zabaltzeak. Aurrez epaileen aginduz irekitako hiruretan emaitza bera izan baita: inor ez zuten hobiratu kutxa haietan. Derion (Bizkaia), Donostian eta Itsasondon (Gipuzkoa) agertu ziren hilkutxa hutsak. Hezurrik eta horrelako arrastorik ez zuten aurkitu, eta ziur esan zuten kutxa horietan inoiz ez zutela umerik sartu. Haur lapurtuen auziari indarra eman zion kutxak hutsik egoteak: susmoa zeukaten familiak oldean joaten hasi ziren elkarteetara, eta erakundeek esku hartu zuten. Gipuzkoako Batzar Nagusiek batzorde bat sortzea onartu zuten; herenegun erabaki bera hartu zuen Nafarroako Parlamentuak; eta Eusko Legebiltzarrean gaur bertan dute batzordea sortzekoa.

Familiak eskatuta, kasua isilpean eraman dute orain arte. Atzo, ordea, sendiak berak eman zituen datu zenbait. 1971n izan zuten umea, mutikoa. Santa Zezilia klinikan jaio zen, baina Gurutzetako Ospitalera eraman zuten. Han hil egin zela esan zieten senideei. Hezurrak agertu direla jakinda, auzia ixteko nahia agertu zuen mutikoaren aitak, Pedro Lasuenek: «Arrastoak azaldu dira, eta ea nire seme Unairenak diren. Oraindik ez dakigu ezer, baina bereak izango ahal dira».

DNA probak, Madrilen

Aurkitutako hezur arrastoak aztertzeko modua izango dute orain Auzitegi Medikuntzako Euskal Erakundean. Carlos Cubero zuzendariak hartu zuen parte atzo hilobia irekitzen, eta jakinarazi du Bilbon bertan egingo dutela lehen ikerketa. Gero Madrilera eramango dituzte, Espainiako Toxikologia Institutura, han DNA proba zehatzagoak egiteko. Umearen amari hartu diote DNA lagina, arrastoenarekin alderatzeko.

Galdakaokoa ez da Espainiako Toxikologia Institutuan aztertzen ari diren gisa horretako aztarna bakarra. Hegoaldean epaileen aginduz irekitako beste hiru kutxetan hezurrik ez zen, baina bi kasutan bai medikuntzan erabiltzen dituzten objektu zenbait. Horiek aztertzen ari dira orain Madrilen, haietatik DNA arrastoren bat lortzeko itxaropenarekin.

Orain arte epaileen aginduz irekitako hiru kutxak hutsik zeudenez, nobedadea da Galdakaokoa. Ez da bakarra, ordea. Kasuek auzitegietan aurrera egiteko zailtasunak dituztela ikusirik —aste gutxian dozena erdi bat kasu itxi dituzte Bizkaian bertan—, bide pribatura jo dute zenbait sendik, eta enpresa bati eskatu diote hobiak zabaltzeko. Arrigorriagan (Bizkaia) ireki du bat Kataluniako enpresa batek, eta han ere aurkitu zituzten arrastoak. Enpresa berak beste sei hobi irekiko ditu maiatza aurretik Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Epaileen baimenik ez da behar horretarako, baina mila eurotik gorako gastua du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.