15:00ak aldera utzi dute Auzitegi Nazionala hamarrek, eta fiantza jarritako laurak ordaintzerakoan aterako dira. Hala ere inputaturik jarraitzen dute, magistratuak karguak mantendu baititu: "talde terroristako kide izatea, goratzea eta finantzatzea" leporatzen die, eta hainbat baldintza jarri dizkie: hamabostero joan beharko dute sinatzera, Espainiatik ezingo dute atera, pasaportea kendu die, eta presoekin zerikusia duten ekitaldietan ezingo dute parte hartu. Epaileak erabaki hori hartu aurretik Miguel Angel Carballo fiskalak hamarrentzat baldintzarik gabeko espetxe zigorra eskatu du.
Arratsaldean deklaratu dute Ibon Meñikak, Ane Zelaiak, Gorka Gonzalezek eta Joxe Antonio Fernandezek, eta haiek ere libre uztea erabaki du epaileak.
Atxilotuen zoriaz gain, Herrira-ren jarduera geratzeko haren kontrako neurriak baieztatu ditu epaileak, besteak beste, egoitzak bi urterako itxita geratuko dira, hainbat erabiltzaileren twitter kontuak eta web orriak itxita geratuko dira eta bankuen kontuak blokeatuta.
Ezohikoa
Poliziaren aurrean deklaratzeari uko egin zioten atzo hemezortzi atxilotuek. Abokatuei esan diete guardia zibilek "tratu zuzena" eman dietela eta ondo daudela. Espainiako Auzitegi Nazionalaren atarian senide eta gertukoak elkartu dira babesa ematera egun osoan zehar.
Ezohikoa da. Epailearen aurrera eraman aurretik beraien abokatuekin egon ziren Herrira mugimenduaren kontrako operazioan atxilotutako hemezortzi lagunak. Ez zituztenez inkomunikatu, beren abokatuen presentzian egin zuten deklarazio poliziala, eta bakoitzarekin bost minutu inguru egoteko aukera izan zuten abokatuek, gero.
Herrira-ko kide izanda "erakunde terroristako kide" izatea egotzi zien epaileak guztiei, baita "erakunde armatua finantzatzea" ere. Hori argudiatzeko, legez kanporatuta dauden Amnistiaren Aldeko Batzordeen eta Askatasunaren "oinordekotzat" jotzen du Herrira epaileak. Gainera, esaten du "terrorismoa goratu" dutela kaleratutako euskal presoen ongietorriak antolatuta.
Atzo atera zuten sumarioa sekretupetik, eta abokatuek hura irakurtzeko aukera dute, auzitegian bertan. Sumarioa osatzen duten liburukietan jasota dago delitu horiek egozteko zehazki zer egitea leporatzen dien epaileak edo Guardia Zibilak hemezortzi atxilotuetako bakoitzari.
Astelehen goizean atxilotu zituen Guardia Zibilak hemezortzi lagunak, aldi berean. Hernaniko Herrira-ren egoitzan bilduta zeudela atxilotu zituzten 11, eta gainerakoak kalean edo lantokian. Ez dute inoren etxea miatu.