Hondarribiko alarde tradizionalaren aldekoek goizean, betiko moduan, alarde parekidea protesta artean hartu dute, tentsioa izan da, baina liskarrik behintzat ez. Arratsaldean bai. Jaizkibel talde mistoa desfilatzen ari zela —berriz ere jendearen babes handiarekin—, alarde tradizionalaren aldeko hainbat lagunek berriro protesta egin dute, goizean baino gogorrago, Ertzaintza tartean sartu da, eta istiluak sortu dira. Jaizkibel taldeko ordezkariek ertzainen aldetik jasotako tratua salatu dute.
Goizean, iazko debekuaren ostean, Hondarribiko alarde parekidea Gernikako Arbolatik igaro ahal izan da. Inoiz baino konpainia jendetsuagoa izan du Jaizkibelek: 350 lagun ingurukoa. Emakunderen, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta EAEko arartekoaren babesa izan du.
Jende ugari elkartu da 08:20an Zumardian alarde parekidea abiatzeko, eta Ertzaintzaren presentzia ere handia izan da, Ainara Arratibel Gascon BERRIAko kazetariak Berriketan.info sare sozialean azaldu duenez. 09:30ean bukatu du ibilbidea emakumezko eta gizonezkoek osatutako Jaizkibel konpainiak. Dena dela, aurten ere izan du kontrako jarrerarik. Izan ere, Hondarribiko parte zaharrean hainbat lagun plastiko beltzekin, kareta zuriekin eta Betiko alardea zioten pankartekin izan dira haiek pasatzen ari ziren bitartean.
Emakundek "baldintzarik gabeko babesa" azaldu dio alarde parekideari. "Edozein festaren helburua gizartea batzea da, eta hori ez da lortzen ez Irunen ez eta Hondarribian ere", esan du Maria Silvestre zuzendariak. Han izan da hura.
Alarde mistoaren alde egin du, halaber, Gipuzkoako Foru Aldundiak: "Emakumeen aurkako indarkeriaren erreprodukziorako beste elementu bat da alardean gertatzen dena". Martin Garitano ahaldun nagusia eta Lohitzune Txarola Batzar Nagusietako presidentea Hondarribian izan dira, alarde mistoari babesa ematen. "Jai parekideak" aldarrikatu ditu Garitanok.
Iñigo Lamarca EAEko arartekoa, Laura Mintegi EH Bilduko lehendakarigaia, EA, Aralar, Alternatiba eta IU-Ezker Anitza ere han izan dira. Aralarrek kezka azaldu du egoera urtero errepikatzen delako. "Udalak zerikusia dauka horrekin, jendarteko sektore baten bazterketa eta ukazioa ahalbidetzen duelako, eta hori konpontzeko neurri eraginkorrik hartzen ez duelako".
Alarde tradizionalean bost mila gizonezkok desfilatu dute.