Philippe Rey Pirinio Atlantikoetako prefeta buru dela, hautetsi eta agintari ugari bildu dira gaur Baionako IUT unibertsiatean, egoitza berria inauguratzeko. Baina ikasleen protestak direla tarteko, ezin izan dute ekitaldia nahi zuten bezala bete. Xingola moztera hurbildu direnean arrautzak jaurtiz hartu dituzte ikasleek, eta barrura sartu behar izan dute jantziak arratzekin zikinduta zituztela.
Berriro atera dira, eta une labur-labur batean xingola moztu ostean, barrura egin dute atzera. Rey prefetaz gain, besteak beste, Jean Grenet Baionako auzapezak, Didier Borotra Miarritzekoak, eta Alain Rousset diputatuak jaso dituzte ikasleen arrautzakadak.
Gero, Frantziako Poliziako CRS talde berezietako kideak jarri dira ate guztietan, manifestariei aurre egiten.
Ikasleak murrizketen kontra
Xavier Darcos Frantziako Hezkuntza ministroak indarrean ezarri nahi duen erreformaren kontra daude ikasleak. Ministroak proposatu dituen aldaketak baliabideen murrizketan oinarritzen dira. Lizeoetako ikasturtea bitan zatitzea proposatzen du, eta asteroko eskola orduak 30 izatea. Horietako 21 hezkuntza orokorrerako baliatuko dira. Berrikuntza nagusia sei oreneko moduluak lirateke. Ikasleek beren nahien arabera hautatu ahalko dituzte. Bertze hiru orenak hezkuntza laguntza gisa aurreikusten dira.
Horrez gain, zailtasunak dituzten ikasleentzako laguntza profesionala kendu nahi du Frantziako Hezkuntza Ministerioak. Oren murrizketaren bidez, irakasleek lan hori egin dezatela proposatzen du. Ondorioz, irakasleek lan gehiago lukete.
Ikasleek salatzen dute eragina ukanen duela eskola kalitatean eta, ororen buru, pentsatzen dute Frantziako Hezkuntzak ikasle gehiago sartu nahi dituela gela bakoitzean.
Gaurko Baionako protesta horretaz gain, astean zehar manifestazioak eta itxialdiak egin dituzte lizeoetako zein unibertsitateko ikasleek.
Hezkuntza
Arrautzak jaurtiz hartu dituzte agintariak ikasleek Baionako unibertsitatearen inaugurazioan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu