Azkenaldian Euskal Herrian izaten ari diren eraso homofoboen, sexisten eta faxisten aurkako elkarretaratzera deitu dute Sare Antifaxistak, SOS Arrazakeriak, Ehgamek eta Gaztehgamek. Ostegunean izango da, 19:30ean, Bilboko Unamuno plazan. «Halako erasoek ez dute lekurik gure gizartean», adierazi zuten antolatzaileek atzo.
Azken eraso homofoboa aurreko asteburuan izan zen, Bilbon. Bi gazte labankatu zituzten, eta horietako bat larri zauritu zuten. «Elkartasun osoa adierazi nahi diegu, eta ez dugu eraso bakar bat utziko erantzunik gabe. Zer ari da gertatzen gizartean halako erasoak izateko?».
Etorkinen aurka dauden jarrerak ere salatu dituzte. «Europak ijitoak baztertzen ditu oraindik. Frantzian gertatutakoa ikustea besterik ez dago; edo urrutira joan gabe, Zugaztietan ijito familia bati gertatzen ari zaiona ikustea. Gainera, atzerritarren legeak gero eta baztertzaileagoak dira, eta oinarrizko eskubideak urratzen dituzte».
Otsailean Opus Deiksexu askatasunaren alorrean eman diren pausoak «deslegitimatzeko» Iruñean egin asmo duen kongresua ere salatu dute. «Asko kosta da aurrerapausoak ematea, eta ez dugu onartuko inork guregatik erabakitzea. Gure gorputzarekin nahi duguna egiteko eskubidea dugu».
Horri guztiari aurre egiteko lanean eta borrokan jarraituko dutela berretsi dute ostegun iluntzean mobilizaziora deitu duten taldeek.
Arrazakeriaren, homofobiaren eta faxismoaren aurka protesta egitera deitu dute Bilbon
Ostegunean izango da, Unamuno plazan, Sare Antifaxistak SOS Arrazakeriak eta EHGAMek deituta
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu