Hiperaktibitatea eta arreta jartzeko ezintasuna

Arreta jartzea arazo denekoa

Haurren %3-%4ri eragiten diete hiperaktibitateak eta arreta jartzeko ezintasunak. Ikasgela bakoitzeko halako asalduraren bat duen haur bat dago. Garaiz eta egoki tratatuz gero, sintomak arindu egin daitezke.

ainara arratibel gascon
Donostia
2011ko apirilaren 14a
00:00
Entzun
E z da geldirik egoten» edo «gelan arreta jartzea kosta egiten zaio, eta despistatu xamarra da». Garai batean maiz entzuten ziren halako esaldiak haur batzuez hitz egiteko orduan. Gaur egun gabezia edo arazo horiek badute izena: hiperaktibitatea eta arreta jartzeko ezintasuna. Haurren %3-%4ri eragiten diete Hau da, batez beste ikasgelako arazo hori duen haur bat dago. Sintomak erabat sendatu ez arren, psikoterapiaren eta laguntza pedagogikoaren bidez—batzuetan botikekin batera— haurrek aldatu egiten dituzte jarerra horiek. Gurasoak, irakasleak eta psikoterapeutak elkarlanean aritzea da gakoa.

Batzuetan bakarka gertatzen diren arrean, ohikoa izaten da biasaldurak batera gertatzea. Kasu askotan, gainera, oldarkortasuna gehitzen zaie. Jatorri neurologikoa dute, eta genetikak ere badu eragina.Diagnostikoa askotan ez da erraza izaten. «Kasu batzuetan, haurrak dituen sintomen atzean ez dago arreta gabezia edo hiperaktibitatea, baizik eta bestelako arazo batzuk. Beste batzuetan, bestelako arazo horiek hiperaktibitatearekin eta arreta jartzeko gabeziekin nahasten dira», nabarmendu du Arantxa Iartzak, Andoaingo Aita Larramendi Ikastolako (Gipuzkoa) orientatzaileak. Centro de Psicologia Bilbaoko pedagogo Beatriz Alonso harago doa: «Arretaz begiratu behar da jarrera edo jokabide horiek noiz, zenbatetan eta norekin gertatzen diren. Kasu batzuetan horien atzean halako asaldura bat baino, arau falta bat dago».

Oso garrantzitsua da, dena den, diagnostiko goiztiarra egitea. «Haien bizi-kalitatea nabarmen hobetzen da, hala izanda», dio Amaia Garitano farmazialariak. Garitanok bi asaldura horiei buruz egin zuen doktore tesia. Alonsok ere horren garrantzia azpimarratu du: «Garaiz eta behar bezala diagnostikatzen ez bada, heldua denean haurrak autoestimu txikia, antsietate arazoak, depresioa etaabar izan ditzake».

Beraiek 3-4 urtetik aurrerako umeekin egiten dute lan. «Txikienekin egiten duguna ez da diagnostiko bat, prebentzio azterketabat baizik. Hala, itxaron egiten dugu jarrera horiek aldatzen diren ikusteko. Lanketa baten bidez, aukera dago aldatzeko». Jarrera horiek mantendu egiten badira, benetako diagnostikoa 5-6 urtetik aurrera egiten dute.

Diagnostikoa eskatu aurretik sintomen behaketa sistematikoa egiten dutela nabarmendu du Iartzak. «Bien bitartean estrategia pedagogiko batzuk lantzen ditugu. Baina hobekuntza edo aurrerapen bat ikusten ez bada, diagnostikoa eskatzen dugu».

Diagnostikoa egiteko modua

Pediatren edo psikologoen bidez egin ohi da diagnostikoa.Haurraren jokabidearen azterketa egiten dute, eta baita hainbat proba ere: «Hiperaktibitatearen kasuan, orain gutxi arte haurraren jokabidea zen genuen oinarri bakarra. Baina iaztik, tresnaberri bat erabiltzen ari gara diagnostikoa egiteko. Haurrak betaurreko eta entzungailu batzuk jarri, eta alegiazko gela batean balego bezala sentitzen da. Hala, ordenagailu baten bidez haren jarreren azterketa zehatza eta objektiboa ikusten dugu». Horrekin guztiarekin batera, irakasleei eta gurasoei galdeketa batzuk betetzeko eskatzen diete. Proba eta galdetegi guztien emaitzak erkatu, eta diagnostikoa egiten dute.

Behin diagnostikoa baieztatuta, laguntza psikologikoarekin hasten dira. Hor batzuetan hutsuneak daudela uste du Iartzak: «Batzuetan tratamendu farmakologikoa eman, eta jarraipen terapeutiko txiki bat baino ez dute egiten. Hori ez da nahikoa».

Alonsok ere terapia psikologikoaren garrantzia nabarmendu du. Teknika diferenteen bidez arreta landuz joaten dira. «Hasieran tarte txikitan, baina pixkanaka denbora luzatuz goaz». Lantzen duten beste elementuetako bat ulermena da. «Askotan, arreta jartzen ez dutenez, ez dute esaten zaiena edo irakurtzen dutena ulertzen. Ariketa ohikoa izaten da liburu bat hartu eta irakurtzen duena ulertzea eta azaltzea». Iartzak azaldu du eurek ere ikastolan hainbat teknika lantzen dituztela: informazioa errepikatzea, adi dagoela ziurtatzea, elementu bisualak erabiltzea informazioa emateko... «Teknologia berriak ere oso tresna erabilgarriak dira, ikasteko orduan beste jarrera bat baitute haurrek ».

Haien autoesmitua indartzea ere lehentasunetako bat dute:«Ondo egiten dutena azpimarratu behar zaie, mezu baikorrak eman», nabarmendu du Iartzak. Hori lortze aldera, Alonsok uste du oso garrantzitsua dela haurrek egoki moldatzen diren jarduera bat egitea: dantza, kirola, musika... Hiperaktibitate eta oldarkortasunaren kasuetan, egingo dutenaren ondorioetan pentsatzea da irakasten zaiena batez ere. «Hainbat irizpide ematen zaizkie jokabideoldarkorrak kontrolatzeko».

Alonsok argitu du gutxienez ikasturte bat behar dela haurrak hobera egiten hasteko, eta hobekuntza horiek finkatzeko. «Xedea haurrakhartzen dituen jarrera horiek ohitura bihurtzea da». Lan «luze eta etengabea» da hori lortzea Iartzaren esanetan.

Elkarlanarenbeharra

Etxean, ikastolan eta psikoterapeutaren kontsultan aplikatzen da terapia. Alonsok azpimarratu du etxekoen kasuan, bi direla gakoak: haurraren jokabidea ulertzea, eta errutina nahiz arau batzuk jartzea: «Ulertu egin behar dute haurrek ohartu gabe jokatzen duela. Baina horrek ez du esan nahi edozein gauza egiten utzi behar zaionik. Errutina eta arau batzuk izan behar dituzte».

Eskola ere erabakigarria da. Alonsok ikastetxeei hainbat gauza eskatu dizkie:haurraren jarrera ulertzea, harekin komunikazio jarrai bat izateaeta gauza berriak aplikatzera prest egotea. «Dinamika batzuk, gainera, ez dirabaliagarriak soilikarazo hori duten ikasleentzat: etxeko lanak agendan apuntatzea, adibidez».

Iartzak alde guztien arteko elkarlanaren garrantzia nabarmendu du. «Profesionalen arteko harremanari begiratuta, koordinazio egituratuago bat behar da, benetako elkarlan bat. Horrek denbora eskaintzea eta baliabide gehiago jartzea eskatzen du». Hala izanda gurasoekin dagoen koordinazioa ere hobetuko dela uste du. Maiz gurasoak egiten du profesionalen arteko bitartekari lan hori. «Baina gurasoek ez dute zertan ardura hori hartu». Elkarlan hori gertatzen ez bada gurasoei mezu nahasgarriak emateko arriskua dagoela ohartarazi du Iartzak. «Bakoitzak bere mezua ematen badu, alferrik da».

Botikak

Baina batzuetan ez da nahikoa tratamendu psikologikoarekin, eta haurrek beharrezkoa izaten dute botika bidezko tratamendua hartzea. «Baina beti terapia edo laguntza pedagogiko nahiz psikologikoarekin uztartuta.Izan ere, lortu behar dena haien jarrerak aldatzea da. H ori ez da botikekin lortzen», diote hirurek.

Bi dira tratamendu baimenduak: metilfenidatoa eta atomoxetina. «Botika horiek egiten dutena sintomak arintzea da; haurraren oreka emozionala eta autoestimua handituz eta garapen akademikoan nahiz sozialean lagunduz», azaldu du Garitanok. Metilfenidatoa erabiltzen da gehien, anfetaminen eratorria.

Guraso asko kezkatu egiten dira ,hain gaztetxoak izanda seme-alabek halako tratamendu bat hartu behar izateagatik. Baina Garitanok lasai egoteko eskatu die. «Kontrol eta jarraipen on batekin tratamenduak ziurrak eta eraginkorrak dira». Nahiz eta tratamenduek nahigabeko ondorio batzuk izan ditzaketela aitortu: jateko gogoa gutxitzea eta loaren nahastea, adibidez: «Gainera, tratamenduarekin hasieran hobekuntza berehalakoa da, baina gero eten egiten da. Benetako aldaketa, irauten duena, jokabideak aldatuz gertatzen dena da. Hori da lortu behar dena. Ez dadila inor engainatu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.