Alberto Ruiz Azua (EAJ) Arrigorriagako (Bizkaia) alkatea Bilboko 8. Instrukzio Epaitegian izan da gaur goizean deklaratzen, Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile Santiago Pedrazen aginduz, herriko plaza bati Jose Miguel Beñaran Argala etakidea izandakoaren izena kendu ez diola-eta. Plazari izen hori 1979an ipini zion Udalak, eta Ruiz Azuak adierazi du Argala ere "beste ekintza terrorista baten biktima" izan zela. Batallon Vasco-Español taldeak hil zuen, 1978an, Angelun (Lapurdi). "Gainera, inoiz ez zuten zigortu", esan du alkateak, eta bestela ere 1977an amnistia emango ziola Espainiako Estatuak.
Auziak Dignidad y Justicia biktimen elkartearen kereilan du jatorria. Pedraz epaileak artxibatu egin zuen kereila, baina Auzitegi Nazionaleko Zigor Salako hirugarren sekzioak behartu egin zuen kereila aintzat hartzera. Horren ondorioz deitu du Pedrazek alkatea. Gaurko deklarazioak orain Madrilera pasatuko dituzte.
Arrigorriagako Udalak 1979ko azaroan jarri zion plazari 'Argala' izena, aho batez hartutako erabakian. Udalbatza, legealdi hartan, EAJk, PSOEk, HBk eta PCEk osatu zuten.
Ruiz Azuak data hori gogoratu dio gaur Carmen Belen Mendoza epaileari, eta bera 1999tik dela alkate. "1979an, gainera, Bizkaiko Gobernu Zibilak erabakiaren kontrako salaketa sartu zuen, baina EAEko Auzitegi Nagusiak Udalaren akordioa legezkoa zela esan zuen". Horretaz gain, "biktima denak" aintzat hartzen dituela azpimarratu du alkateak. Hala, iaz herrian, Fermin Monasterio eta Manuel Fuentes ETAk hildako bi lagunen aldeko plaka jarri zutela esan du.
Dabiel Portero Dignidad y Justicia elkarteko kidea ez da gustura geratu Arrigorriagako alkateak emandako azalpenarekin, eta "terrorismoari gorazarre" egiten diola salatu du, oraindik plazari 'Argala' izena kendu ez diola-eta.
Pedrazi behin-behineko neurriak hartzeko eskatu dio Dignidad y Justiciak. Besteak beste, aipatutako plazatik plaka kentzeko.
Irizpide kontrajarriak Madrilen
Kale izenei buruzko auzietan irizpide nabarmen kontrajarriak izan dituzte Auzitegi Nazionalean: Santiago Pedraz, Fernando Andreu eta Ismael Moreno epaileak Dignidad y Justiciaren kereilak tramiterako ez onartzearen alde agertu dira, baina Fernando Grande Marlaskak kereilak aintzat hartu ditu; eta Zigor Salako laugarren sekzioak auziak artxibatzearen alde egin du, baina hirugarren sekzioak tramiterako onartzeko agindu izan du.
Politika
Arrigorriagako alkateak adierazi du 'Argala' ere biktima dela
Alberto Ruiz Azuak Bilboko Epaitegian deklararatu du gaur, Espainiako Auzitegi Nazionalaren aginduz, herriko plaza bati etakide ohiaren izena kendu ez diola-eta. "Biktima denak" aintzat hartzen dituela esan du. Dignidad y Justicia elkarteak alkateak "terrorismoari gorazarre" egiten diola iritzi dio. Gaurko deklarazioak orain Madrilera pasatuko dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu