Mantso antzera atera dira zezenak Santo Domingoko ukuiluetatik, baina aldapan gora abiatu ahala segituan hartu dute abiadura; zehazki, zezen bat jarri da taldearen buru. Hain justu, Udaletxeko plazara iritsi direnean erori egin da zezen hori, baina, hala ere, altxatu eta taldekideekin batera jarraitu du aurrera, atzera geratu gabe.
Mercadereseko bihurgunea garbi hartu dute: lehenengoak irrist egin du, baina ez da jausi. Gainerakoek, arazorik gabe hartu dute Estafeta kalerako bidea. Nolanahi ere, karrika horretantxe bizi izan dira unerik zailenak, taldea hautsi egin baita. Bi zezen jarri dira taldearen buru; atzerago beste bi kokatu dira, eta beste biak atzeragotik, eta, gainera, bakoitza bere aldetik. Gainera, ertzeetara hurbiltzeko joera izan dute Domeqganadutegikoek, eta, beraz, korrikalari askoaren ondo-ondotik igaro dira, baina, zorionez, inor adarrez zauritu gabe.
Halaber, Estafetako gune batean hainbat korrikalari trumilka erori dira bata bestearen gainera, eta montoia sortu da. Atzetik zetorren zezenetako batek estropezu egin du lurrean pilatutako korrikalari taldearekin, eta amildu eta altxatu ostean, atzera bueltatzeko imintzio txiki bat egin du. Zorionez, ordea, aurrera jarraitu du lurrean trabatuta zeuden korrikalariei kasurik egin gabe.
Zezen-plazara hiru zezen sartu dira aurrena, eta behin hara iritsitakoan, zuzenean ukuilura sartu ordez eskuinera egin dute. Dobladoreek, ordea, laster antzera lortu dute kortara eramatea. Gainerako hirurak banan-bana sartu dira.
Bi korrikalari erietxera, baina kolpeekin
Oro har, entzierro bizia izan da, bizkorra (2 minutu eta 50 segundo), eta arrisku une dezentekoa. Hala ere, ez dute inor adarrez zauritu. Nafarroako osasun zerbitzuek jakinarazi dutenez, bi korrikalari eraman behar izan dituzte erietxeetara, biak kolpeekin. Haietako bat 29 urteko Lizarrako (Nafarroa) gizonezko bat da, eta traumatismoa du garezurrean; Nafarroako Ospitaleko obserbazio unitatean ingresatu dute. Bestea, 25 urteko gizonezko bat da, Debakoa (Gipuzkoa): garezurreko traumatismoa du hark ere, baina arina, eta kolpea toraxean. Erietxeko iturriek agertu dute bigarren horren zauriak arinak direla, eta laster jasoko duela senda-agiria.
Finean, erorketak asko izan dira, eta erietxera eramateko besteko larritasunik ez izan arren, korrikalari ugarik hartu dituzte kolpeak.
Saferminak
Arrisku une dezenteko entzierro bizia
Entzierro bizkorra eta bizia izan da Juan Pedro Domequen ganadutegiko zezenek egin dutena — bi minutu eta 50 segundo iraun du—. Zezenak ibilbide ertzera arrimatu dira une askotan, eta korrikalarien oso hurbiletik igaro dira. Halaber, Estafeta kalean asko banatu da taldea, eta arrisku une dezente izan dira. Nolanahi ere, ez dute inor adarrez zauritu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu