sanferminak

Arriskutsua hirugarrena ere

Hiru minutu eta 22 segundoan osatu dute ibilbidea. Bi lagun adarkatu dituzte. [youtube]http://youtu.be/MI4EcgqyEaw[/youtube]

2014ko uztailaren 9a
17:37
Entzun

Madrilgo Victoriano del Rio ganadutegiko zezenek oso sakabanatuta egin dute bidea. Zezenetako batzuk oso azkar atera dira, eta atzean utzi dituzte gainerakoak. Aurrean zihoazen horiek hainbat lagun jo dituzte, eta eroriko dezente izan dira; gainera, lurra bustita zegoen. 

Gurutze Gorriak 63 lagun artatu ditu gaurko entzierroan. Nafarroako Ospitale Gunetik jakinarazi dute bost lagun eraman dituztela hara artatzera; horietako bik adarkadak izan dituzte, batek bular aldean eta besteak eskuineko hankan. Telefonica inguruan adarkatu dituzte biak. Beste hirurek traumatismoak dituzte.

Bularrean zauritutakoak 35 urte ditu, eta Valentziakoa da (Herrialde Katalanak). Adarkatutako bestea Chicagokoa da, 32 urtekoa.

Ibilbidearen bukaeran, zezen bat aurrera eta atzera aritu da, zezen plazatik gertu, eta tentsio uneak izan dira. Lehenengo zezenak baino ia minutu bat geroago iritsi da zezen plazara.

Azkarrenen marka

Bosgarrenez izan dira gaur Victoriano del Rio ganadutegiko zezenak Iruñean. Gaurkoa aurtengo hiru entzierroetatik mantsoena izan bada ere, Madrilgo ganadutegiko zezenek batez besteko azkarrena dute, eurena da marka: iaz, bi minutu eta 14 segundo behar izan zituzten ibilbidea osatzeko. 

Konparazio baterako, asteleheneko entzierroa bi minutu eta 25 segundoan egin zuten Torrestrellakoek; atzokoa, berriz, bi minutu eta hogeian egin zuten Dolores Agirre ganadutegiko zezenek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.