Artea eta ezintasunak

Artea, mugak gainditzeko

Ezintasunak dituzten pertsonentzako arte eskola zabaldu dute Bilbon, Formarte, ezaugarri horiekin Euskal Herrian dagoen lehena; eskolan ikasitakoa lanbide bilakatzea da egitasmoaren xedeetako bat.

Madrileko "Debajo del sombrero" buruko ezgaitasunak dituztenentzako arte tailerra da. TERESA ISASI
gotzon hermosilla
2014ko urtarrilaren 26a
13:25
Entzun

Pintura usaina iristen da Basurtuko Auzo Etxearen ondoko aretotik (Bilbo). Barruan, bata zuria jantzitako zenbait lagun ari dira margoekin jolasten: koloreak nahasten dituzte, frogak egiten dituzte, aholkuak ematen dizkiote elkarri. Bakarra da bata zuria jantzirik ez daukana: ordenagailuaren aurrean dago, programa batekin diseinuak egiten. Aretoaren sarreran, erakusleihoan, hainbat artelan daude salgai, zein bere prezioarekin.

Arte eskola da Formarte. Baina ez da edozein eskola. Buruko gaixotasun edo ezintasunak dituzten lagunei beren-beregi prestaturiko programak lantzen dituzte Basurtuko egoitzan. Ideia ez da berria, baina, Euskal Herrian, aitzindariak dira. Euren jarduerak badu asmo terapeutikoa, ezintasunak dituzten pertsonei sormena garatzen laguntzea. Baina, atzerrian dauden antzeko esperientzien ereduari jarraikiz, ez dute horretan gelditu nahi, eta, artearen bidez, ikasleei lanbide bat irakatsi eta diru sarrera batzuk bermatzea ere bada helburuetako bat.

Oraingoz, ibilbide motza egin du eskolak, ateak joan den irailean zabaldu baitzituzten. Egungoa ez da horrelako proiektuak abian jartzeko abagunerik egokiena, baina, hala ere, ausart ekin diote lanari. Eta bide guztiak jorratzeko prest daude egitasmoa aurrera ateratzeko.

Bi arlo uztarturik

Hiru emakume daude Formarte eskolaren atzean: Laia Becerra, Ana Urgoiti eta Cristina Bacete. Horrelako proiektuetan gertatu ohi den bezala, arteak eta gizarte lanak bat egiten dute egitasmo honetan, eta hori islatzen da irakasleen prestakuntzan: Becerra eta Urgoiti Arte Ederrak ikasitakoak dira, Bacetek, berriz, eskarmentu handia du heziketa bereziaren arloan.

Ideia bururatu zitzaien atzerrian arlo horretan egiten den lana ikusita. Batez ere, Kaliforniako CGAC zentroa (AEB) eta Hanburgoko Die Schlumper arte galeria (Alemania) hartu zituzten eredutzat. Azken horri ere bisita egin zioten, hango esperientziaren berri ikasteko asmoz.

Ezintasunak dituzten lagunentzat prestaturiko egitarauan bost ikaslek hartzen dute parte une honetan. "Gure asmoa da egiten dituzten artelanen bidez ikasleek diru sarrera batzuk eta, ahal dela, soldata bat eduki dezaten", azaldu du Laia Becerrak. Horregatik, margolanak salgai jartzen dituzte.

Eskola hasiberria denez, bide horrek oraingoz fruitu gutxi eman du. Baina Formarten prest daude bestelako bideak ere jorratzeko. Harremanetan daude argitaletxe batekin, eta dagoeneko haientzat lan batzuk egin dituzte, poema batzuetan oinarritutako margoak esaterako, baina prest daude beste lan batzuk ere hartzeko, liburuen azalak egitea adibidez. Denda baten erakusleihoa apaindu dute, eta auzoan laster zabalduko duten jatetxe baten jabeekin akordioa lortu dute aretoan horma-irudi batzuk egiteko.

"Apurka-apurka ari gara bidea egiten", adierazi du Becerrak. "Oraingoz ez dugu pentsatu artelanak museoei, galeriei edo erosle garrantzitsuei saltzea. Behetik hasi gara, kaletik. Hemengo erakusleihoan jartzen ditugu, eta beste bide horietatik ere saiatzen gara kanporako lanak egiten. Asmoa da artea lanbide izan dadila pertsona hauentzat, eta, aldi berean, euren lana ikus dadila".

Ana Urgoitik zehazten duenez, ezgaitasunak dituzten pertsonentzat instituzioetatik prestatzen dituzten lan irteerak lanbide tailerrak eta antzekoak izaten dira. Katean egindako lana izaten da, mekanikoa, sorkuntza albo batera uzten duena. Arte eskolakoa, berriz, alderantzizkoa izaten da: "Pertsona hauek sortzeko sekulako gaitasuna dute, eta sormen hori lanbide bilakatzeko bide asko egon daitezke".

"Begiratu margolan honi", erantsi du Urgoitiak, kolore biziko margoa erakutsiz. "Honekin zetazko zapi baterako diseinua egin liteke arazorik gabe. Zergatik ez? Hormetarako paper margotua, ohe estalkiak eta hamaika gauza egin daitezke diseinu hauetan oinarrituta".

Lanbide bat irakastea Formarte eskolaren arlo garrantzitsu bat da, baina ez da bakarra. Artearen bidez, ikasleek sormena garatzen dute, autonomia irabazten dute, euren eguneroko bizimoduan baliagarriak izango zaizkien gaitasunak eskuratzen dituzte. Ikusteko arazoak dituen ikasle gazte baten kasua aipatzen du Becerrak. Eskolan laster hasiko da testu liburuak ordezkatzen dituzten audioak erabiltzen, eta, hortaz, arreta eta entzumena zorroztea komeni zaio: "Entzunezko ipuinak jartzen dizkiogu, eta gero, ipuin horiek marrazkien bidez kontatzeko eskatzen diogu. Gero eta marrazki hobeak egiten ditu, gero eta xehetasun gehiagorekin".

Inklusioa

Formarte eskola den neurrian, ikasleei teknikak, koloreen ezaugarriak eta antzekoak irakasten dizkiete: "Baina irakasteko gure moldea inklusiotik edo barne hartzetik abiatzen da beti. Parte hartzeari garrantzi handia ematen diogu, motibazioari, jardutearen bidez ikasteari. Ez dugu arbelean jartzen zer ikasi behar den. Gauza batzuk proposatzen dizkiet, beste batzuetan beraiek proposatuko dizkidate niri, eta lan hori beraiek nahi duten bezala egiten, euren ideiari fidel izaten laguntzen diet", azaldu du Becerrak.

Olioak, akrilikoak, akuarelak, papera, oihala eta bestelako materialak erabiltzen dituzte. Margolan batean, esaterako, artistak nahi zuen efektua lortzeko harea ere erabili zuten. Eskulturak ere egiten dituzte, baina gutxiago: "Buztina, plastilina eta antzekoak erabiltzen ditugu, material gogorrak ez. Nahiago dugu mailuak eta antzekoak ez erabiltzea". Ordenagailuan diseinuak egiteko aukera ere badago: marrazkiekin animazio lan batzuk egin dituzte, esate baterako. Edozein bitarteko da egokia, sormena lantzea helburu denean.

Ikasle bakoitzari "neurrira egindako jantzia" egiten diotela azaldu du Ana Urgoitik, oso modu grafikoan. "Ikasle batzuek argi daukate zer gustatzen zaien eta zer ez, eta hori bikaina da. Gu saiatzen gara tartean ez sartzen, eta ikasleak nahi duena eskaintzen. Norbere interesetatik abiatuta, ikasleek baliabideak ikasi eta eskuratzen dituzte, eta hori oso ondo dago, gero baliabide horiek euren eguneroko bizimodura eraman ahal dituztelako".

Estibaliz Ortiz de Laiseka joan den irailean hasi zen Formarten, eskola ireki eta berehala. Beti izan du artearekiko kezka. "Lehenago ere margotzen nuen, denbora luzean aritu naiz horretan", adierazi du. "Bolada batean utzi egin nuen, eta aspaldi honetan banuen horri berriro ekiteko gogoa. Horretan nenbilela, eskola zabaldu zuten, eta hona etorri nintzen".

Berea da harea eta pintura nahasten dituen lehen aipatutako lana: "Poema batean oinarrituta dago. Poema irakurtzeak hori iradokitzen zidan, basamortua ote den oso ondo ez dakigun paisaia hori. Pentsatu genuen harea erabiltzea ondo geldituko litzatekeela adierazi nahi nuena adierazteko". Pozik eta gustura dago egiten duen lanarekin. Egun, bere margolanetako bat eskolaren erakusleihoan dago salgai.

Iñaki Rotaetxe Saratxaga buru belarri dabil bere koadroan lanean. Bera ere irailean hasi zen eskolan. "Eskulanak egiten hasi nintzenean konturatu nintzen pintatzea gogoko nuela, eta neure kasa hasi nintzen margotzen. Marrazten ikasteko edo koadroren bat egiteko aukera gustatzen zitzaidan, eta Estibalizek esan zidanean eskola hau zabaldu berri zutela, saiatzea erabaki nuen".

Rotaetxe ere pozik dago orain arte lortutakoarekin: "Pintatzeak nahikoa erlaxatzen nau, eta apurka-apurka teknika batzuk ikasi ditut". Paisaiak egiten ditu batez ere: "Hori da une honetan gehien erakartzen nauena. Beste gauza batzuk egitea gustatuko litzaidake, baina, oraingoz, paisaiekin ari naiz".

Miguel Rodriguez da bata zuria jantzita ez daraman ikaslea. Ordenagailuaren aurrean ari da. Bere ikaskideak ez bezala, apur bat geroago hasi zen eskolara joaten, azaro inguruan: "Arrebak galdetu zidan ea ordenagailua erabiltzen ikasi nahi ote nuen, etorri ginen eta gustatu egin zitzaidan. Lehenagotik ez neukan artean aparteko interesik". Photoshop programa erabiltzen du: argazkiak manipulatu egiten ditu, koloreztatu, muntaketak egin. "Lehen paisaia egin dugu, koloreak aldatu dizkiogu, loreak jarri eta abar. Orain aurpegiekin ari naiz".

Ateak ireki

Ikastaro horiez gain, eta proiektua auzoari zabaltzeko asmoz, buru ezintasunik ez dutenentzako ikastaro irekiak ere antolatzen dituzte Formarten. "Horiek zehatzagoak dira, hara joaten direnek badituztelako asmo zehatz batzuk: marrazten ikasi nahi dute, edo olioz margotzen", azaldu du Becerrak. Dozena bat lagun baino gehiago aritzen da horietan.

Azkenik, larunbatetan umeentzako tailerrak antolatzen dituzte; horietan, ezintasunak dituzten umeak zein ez dituztenak aritzen dira. Helduen taldean badaude eskola irakasleak edo irakasle izateko ikasten dabiltzanak ere: horiei aukera ematen zaie umeen ikastaroan laguntzaile gisa parte hartzeko, ikasitakoa haurrekin praktikatu ahal izan dezaten.

Bost hilabete gutxi dira balantze bat egiteko, baina proiektua abiarazi dutenak pozik daude: "Guk beti esaten dugu ogerleko bat ere ez daukagula, baina lan bikaina dugula. Badakigu gureak, proiektu aitzindaria izaki, denbora behar duela, jende askorentzat berria delako. Baina ezin gaitezke kexatu. Gertatu ahal zaizun gauzarik onena da guraso batek esatea seme-alaba zoriontsua dela gurekin dagoenetik, eta horrelako iritziak iritsi zaizkigu. Oso giro ona dago eskolan, ikasleek ondo pasatzen dute eta umore ona nagusitzen da", azaldu du Urgoitik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.