Arteatik Gernikara

Abertzaletasun historikoak izan duen krisirik gogorrenetako batean sortu zen EA. Bihar 25 urte beteko dira EAJtik kanporatutako hainbat militantek alderdi berria aurkeztu zutela.

jokin sagarzazu
2011ko irailaren 3a
00:00
Entzun
Arrazoi bakarrak ez luke azalduko Eusko Alkartasunaren sorrera: herri ereduari buruzko ikuspuntu kontrajarriak, EAJ kontrolatzeko botere borroka, Garaikoetxea eta Arzalluzen arteko ezinikusia... 1984tik 1986ra, abertzaletasun historikoak aurre egin behar izan zion inoiz izan duen krisirik gogorrenetariko bati. Emaitza jakina da: EAJ hautsi, eta EA sortu zuten alderdi jeltzaletik kanporatutako militante batzuek, 1986ko irailaren 4an; bihar 25 urte.

Gertakari horrek eragina izan du urte hauetan guztietan indar abertzaleen arteko harremanetan. «Sorrerako printzipioen» izenean —bide baketsuak, independentismoa eta sozialdemokrazia—, EAk bestelako hautu estrategikoak egin ditu .

Hasierako ezinikusiak guztiz desagertu ez baziren ere, EAJra hurbildu zen lehenik; 1995. urtetik aurrera, bereziki. Besteak beste, ETAren jardunak eragin izan zuen hurbilketa, 1988an EAk EAJ eta PSErekin batera Ajuria Eneko Ituna sinatu izanak agerian utzi zuen moduan.

Ondoren etorri ziren 1998ko bake prozesua, Lizarra-Garaziko Ituna eta su-etenaren haustura. Baita 2006ko Loiolako bake prozesua ere, Ibarretxe lehendakariaren estatutu berrirako proposamena eta Espainiako auzitegiek debekatutako galdeketa.

2006an, berriz, alderdiaren 20. urtemugan, jeltzaleekin osatutako koalizioa ez berritzea erabaki zuten militanteek, eta, 2007. urtearen bukaeran eginiko batzar nazionalean, beste alderdi eta eragile abertzaleekin «polo subiranista» bat osatzea adostu zuten. Horrek alderdian haustura eragin zuen, eta, ondorioz, Hamaikabat sortu zen ezker abertzalearekin lan bateratua egitearen aurka zegoen sektoretik.

Haustura horrek mamu zaharrak piztu zituen. Carlos Garaikoetxeak, alderdiaren ikur nagusiak, erabakiaren «arriskuaz» ohartarazi zuen. Hala ere, erabaki horren defendatzaile nagusienetako bihurtu da. «Arrisku hori erlatiboa da; gure jatorrizko printzipioak soilik ari gara defenditzen: ekintza demokratiko baketsuak eta, autodeterminazio eskubidearen bitartez, euskal estatu bat. Beraz, gure bideari jarraitu diogu, eta saiatu gara laguntzen aldaketa horretan», adierazi zion BERRIAri iazko irailean egindako elkarrizketa batean.

Urtebete igaro da EAk eta ezker abertzaleak akordio estrategikoa sinatu zutenetik. Gernikako akordioak eta ETAren su-etenak erabat aldatu dute jokaleku politikoa. Eta EA erabakiguneetara itzuli da, ezker abertzalearekin eta Alternatibarekin batera osatutako Bildu koalizioaren bidez.

Bi lider, alderdi bakarra

Hogeita hamar kilometro eskaseko tartea dago EAren historian leku garrantzitsua duten bi herriren artean: Artea eta Gernika. EA Gasteizen sortu bazen ere— 1986ko irailaren 4an—, haustura Artean gertatu zen, 1984ko abenduaren 18ko batzar famatuan. EAJk babesa kendu zion Garaikoetxeari, Eusko Jaurlaritzako orduko lehendakariari. Azken kolpea izan zen.

Krisia, baina, aspalditik zetorren; Garaikoetxea lehendakari hautatu zutenetik, ia. Agintean egon zen bi legealdietan, Garaikoetxeak arazo ugari izan zituen EAJren zuzendaritzarekin. Bere jardunean autonomia handiagoa nahi zuen, eta herri eredua zela-eta iritzi kontrajarriak zituzten batzuek eta besteek— Jaurlaritza indartsuko egitura zentralista proposatzen zuen Garaikoetxeak, eta diputazioei eskumen handiak ematea besteek—. Garaikoetxeak militanteen babesa zuen arren, Arzalluzek hasia zuen EAJren barne boterea kontrolatzeko prozesua, Nafarroako auzian argi geratu zenez.

1983ko udal eta foru bozetan, EBBko presidente Arzalluzek eta APko Miguel Herrero de Miñonek itun bat egin zuten, eta, Bilboko eta Gasteizko alkatetzen trukean, jeltzaleek UPNko hautagaiari boto ematea adostu zuten. Alderdikideek uko egin zioten horri, eta NBBko kide guztiak kanporatu zituzten. Orduan Arzalluz ez zegoen EEBren buruan, baina bai atzean. 1986ko otsailean itzuli zen agintera, EBBren kontrola ziurtatua zuenean eta hausturak erremediorik ez zuenean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.