DONOSTIAKO ASTE NAGUSIA

'Artillero'-k eman dio sua festei

Kanoikadarekin hasi dituzte jaiak Gipuzkoako hiriburuan. Luis Mokoroak jaurti du. Abuztuaren 15era arte iraungo du Donostiako Aste Nagusiak. Udalaren eta Piraten artean, 500 ekitaldi antolatu dituzte. 

Jende dezente bildu da jaiei hasiera ematera. ENERITZ DUESO
Miriam Arandia-Urtzi Urkizu
2015eko abuztuaren 8a
19:09
Entzun

Easo abesbatzako eta Koruko Ama Birjinaren Eskolako kideek kantatu eta dantzatu dute 'Artillero'. Dantza berezia prestatu dute propio gaurko. Herritar ugari gerturatu dira Alderdi Ederrera, jaiei hasiera emateko.

Egitarau ofizialak 396 ekitaldi hartzen ditu, eta gune berriak zipriztinduko ditu jai giroarekin; horiek jendarteratu nahi dituzte, antzinako ohiturak berreskuratzeko: «Auzoetara bidali nahi dugu Aste Nagusia; krisiaren eraginez jaietarako aurrekontuak jaitsi, eta hamazazpi gunetatik bederatzi gunetara murriztu behar izan zen. Aurten, zabaldu egin nahi dugu», azaldu du Maria Jesus Torres Donostia Festak unitateko zuzendariak. Ondarretako gunea izango da bat, eta hondartzako zinema antolatuko dute; orotara, hiru pelikula emitituko dituzte: Urte berri on, amona!, El planeta de los simios eta Guardianes de la galaxia. Musika emanaldiak eta dantza ikuskizunak ere antolatu dituzte han, euskal dantza beste motatako estiloekin nahastuta. Beste gunea Gernikako pasealekua izango da, non Aste Nagusia Musik Market azoka egingo duten.

Horrez gainera, Donostiako Aste Nagusian falta ezin diren ekintzak egongo dira; esate baterako, eguneroko buruhandien, erraldoien eta zezensuzkoaren irteerak, erromeriak, herri kirolak, Urrezko Kopa hipodromoan, euskal dantzak Konstituzio plazan, musika banden emanaldiak Bulebarrean, DJ gauak Kursaal inguruan, antzerkia Gipuzkoa plazan, Urumeako arrantza lehiaketa... Halaber, Sagueseko kontzertuek sortu ohi dute, urtez urte, ikusmin handienetakoa. Aurten joko duten taldeak Kalakan, Oreka TX, Rosario, Carlos Jean, Urtz, Hesian, Skakeitan, Bad Manners, Macaco, Berri Txarrak eta Remember Queen dira.

Su Festen Nazioarteko Lehiaketa ere egongo da, urtero legez. Aurten, berrogeita hamabigarrenez egingo dute; Valentziako su ezagunak hiru egunetan ikusi ahal izango dira, eta gainerakoak Txinakoak, Castellokoak, Italiakoak, Arabakoak eta Frantziakoak izango dira. Urbieta kaletik, Urdanetatik, Kontxa hondartzatik, kaitik, Igeldo menditik edo Kontxa pasealekutik, edertasun handiko ikuskizunez gozatzeko aukera dute ikus-entzuleek.

Egitarautik at, ahantzi ezin diren kaleko artistez beteko dira Donostiako kaleak egunotan: margolariak, musikariak eta zuzeneko ikuskizunak eskaintzen dituztenak. Zezenketak bi urtez jarraian galarazi ondoan, aurten egingo dituzte, Illumbeko plazan, ostegunetik larunbatera.

Donostiako Piratak jai herrikoien aldeko mugimendua izaki, jai euskaldunak bultzatzen dituzte 2002. urtetik, eta aurten ere,halatsu. «Kofradiek urteroko egitaraua mantentzen saiatzen dira, baina beti txertatzen ditugu aldaketak, noski, urtetik urtera hobetzeko diren aldaketak. Betiere, publikoaren nahierara egokituta», azaldu du Carmen Altuna Donostiako piratetako batek.

Musika taldeak, bakarlariak, bertsolariak, antzerkiak, poesia errezitalak eta beste hainbat ekitaldi ikusi ahal izango dituzte Flamenkara, Nautikora, Trinitate plazara edo Kantina Piratara eta Guardetxera biltzen direnek. Guztira, 100 ekitaldi baino gehiagorekin datoz Donostiako Piratak: «Egitaraua plurala, parte hartzailea, adin guztientzat egokitua eta dibertigarria» dela azaldu du Altunak, eta «parekidetasuna, iraunkortasuna, euskaltzaletasuna, parte hartzea, elkartasuna eta zaintza» direla zabaldu nahi dituzten baloreak.

Ezkila da piraten kapitaina. Aurten, eskuz eginda aurkeztuko dute panpina. Euskalduna, feminista, jai herrikoi eta parte hartzaileen bultzatzailea eta ama lurraren maitalea da Ezkila. Aurten ere, elkartasunaren mezua zabalduko du. Euskararen alde arduraz lan egiteagatik, Irutxuloko Hitza hautatu dute Matti izateko, eta euskararen hedapena sustatuko du, baita jaien esparruan euskara indartu eta euskaltzaletasunera jendea erakarri ere.

Musika eskaintzari dagokionez, NCC, Su Ta Gar, Kaotiko, Kepa Junkera&Sorginak, Vendetta, Las Tea Party, The Goove Girls, 3Gabe2, Tximeleta, Train To Roots eta Mala Rodriguez taldeek joko dute, besteak beste; ekintza nagusien artean, abordatzea, kale festa, abordatze txikia eta irrikitaldia dira gehien azpimarratuak. «Nahiz eta jai euskalduna sustatzen dugun, jaia denontzat da, herriarentzat, eta herria denok gara», berretsi du Altunak.

Bi antolatzaileek, halaber, bat egiten dute jaiak «errespetuz bizi behar direla», hots, ondo pasatuz, eta eraso sexistarik gabe. Horren aurka egiteko, Eraso sexistak sobera daude festetan leloa erabiliko du Donostiako Udalak, eta kanpaina eta ekitaldi bereziak egingo ditu: «Aste Nagusia ispilu bat da, magnitude handikoa, eta aktibotasunez jokatu nahi dugu. Festak heldu baino lehenagoko jardunaldiak ere egin ditugu, eraso sexisten aurka eta herri zainketaren alde», gehitu du Torresek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.