Carlos Urkijo Espainiako Gobernuaren ordezkariak eskatuta, Jone Artolari 2013ko Aste Nagusian txupinera izatea galarazi zion Bilboko Administrazioarekiko Auzitegiak. Orain erabaki hura ondo hartuta zegoela esan du Bilboko Administrazioarekiko Auzitegiak. Artola, Etxerat-eko kidea izanik, hura txupinera izateak ETAren biktimen duintasunari eta haien oinarrizko eskubideei eragingo ziela uste du. Dignidad y Justiciak bost argudio eman zituen Artolari txupinera izatea debekatzeko: preso baten arreba izatea, EH eta ANVko hauteskunde zerrendetan egon izana, Txori Barroteren sortzaileetako bat eta kide dela eta Etxerat-eko kide dela.
EH Bilduk gogor salatu du epaia, eta esan du zentzugabea dela bere eskubide guztiak indarrean dituen pertsona bati txupinera izatea debekatzea. Izan ere, Artola alkate, Espainiako Gobernuaren ordezkari edo Espainiako Gobernuburuetarako hautagai izan daitekeela ohartarazi dute. Sententziak "izaera politiko argia" duela salatu du EH Bilduk, eta "lurralde kolonialetako erregeorde bat bezala" aritzea aurpegiratu dio Urkijori.
Nolanahi ere, sententziak sententzia, EH Bilduk azpimarratu du "bilbotarren gehiengoarentzat" Artola bera izan zela 2013ko jaietako txupinera.