euskal herria

Artolari txupinera izendapena kentzeko exijitu dute Covitek eta Dignidad y Justiciak

Iñaki Azkuna Bilboko alkateari mezu bat idatzi dio Dignidad y Justicia elkarteko presidente Daniel Porterok, haren aburuz, Artola izendatu izanak “izugarri umiltzen” dituelako terrorismoaren biktimak. Covite elkarteko presidente Consuelo Ordoñezek bat egin du Porteroren eskariarekin.

2013ko abuztuaren 7a
17:45
Entzun

Atzo izendatu zuten Bilboko Aste Nagusiko txupinera Artola, Txori Barrote konpartsako eta Etxerat-eko bozeramailea. Erabaki hori salatu dute Portero eta Ordoñezek, eta atzera botatzeko eskatu diote Bilboko Udalari.

Porteroren ustez, Artolaren izendapenak “Bilboren, bere jaien, terrorismoaren biktimen eta, bereziki, bilbotarren irudia hondatzen du”. Ordoñezen arabera, Euskal Herria da "terrorismoaren goratzeak zigorrik ez duen Europako toki bakarra", eta hori Alemanian onartezina litzakeela gaineratu du: "Alemaniako herri batean genozidioa zuritzea ez du inork imajinatzen".

Porterok Azkunari bidali dion mezuan, Artola txupinera ez izateko arrazoiak zerrendatu ditu: Joseba Koldo Artola euskal presoaren arreba izatea; Euskal Herritarrok-en zerrendan 1999 eta 2000 urteko hauteskunde orokorretan hautagai aurkeztu izana; ANV partiduarekin 2007ko hauteskundeetara hautagai aurkeztu izana; Txori Barroteko sortzaile eta kide izatea; eta Etxerat-eko kide izatea.

Gainera, Bilboko Aste Nagusian euskal presoen argazkiak agertuz gero, horiek “berehala” kentzeko eskatu dio Porterok Udalari, eta horretarako, polizia ohartaraztea gomendatu dio. Gaineratu du, 2008tik ezin izan duela Bilboko Aste Nagusira joan “Arriaga antzokiaren atzealdeko konpartsetako kideen eskutik heriotz mehatxuak” jaso zituelako.

Jone Artola eta Iraia Iturregi, txupinera eta pregoilari

Artolak eta Iturregik —Athleticeko buruzagia— adierazi dute "ohore" bat dela txupinera eta pregoilari izatea. Bilboko Aste Nagusiaren irudia izango dira, eta Marijaiarekin batera, festei hasiera emango diote Arriaga antzokiko balkoian abuztuaren 17an, 19:00etan.

Arazoak alde batera utzi, eta festaz gozatzeko deia egin die Artolak Bilboko herritarrei: “Jai hauek parte hartzeko eta ondo pasatzeko dira. Denok dauzkagu arazoak, lan arlokoak edota sozialak, baina, jaiak disfrutatzeko dira”. Egungo jai eredua mantentzeko lanean jarraitu behar dela adierazi, eta gogora ekarri du Marijaia sortzea “asko kostatu” zela.

Iraia Iturregik pregoilari izateko aukera eskertu du, horrek emakumezkoen futbolari “gizartean aitortza” ematen diola uste du, bereziki Athletic taldeari: “Pregoilari izango ginela jakinarazi zigutenean ezusteko izugarria hartu genuen”. Aste Nagusiaz gozatzeko aukera gutxi izan dituela onartu du Iturregik, ekipoa denboraldi-aurrean dagoelako abuztuan.
 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.