Memoria historikoa

Artxibatu egin dute Durangoko bonbardaketagatik zabaldutako auzibidea

Udalak jarritako salaketa tramiterako onartu zuen epaitegiak berak hura artxibatzea erabaki du orain, egileak nortzuk izan ziren frogatzerik ez dagoela argudiatuta. "Aitzakiak" jarri izana eta artxibatzearen "benetako arrazoia" ezkutatzea egotzi dio Durango 1936 elkarteak.

36ko gerrako biktimei eginiko omenaldi bat Durangon. LUIS JAUREGIALTZO, ARGAZKI PRESS
arantxa elizegi egilegor
2018ko urtarrilaren 23a
13:21
Entzun

Salaketak jarri ahala ateak ixten dituzte epaitegiek. Auzibideak onartu bai, baina ondoren artxibatu egiten dituzte. Durangoko Udalak ilusioz hartu zuen albisteak, 1937an herria bonbardatu eta 336 hildako eragin zituztenen aurkako salaketa tramiterako onartu izanak, talka egin du instrukzio epaitegiak hura artxibatzeko hartutako ebazpenarekin.

Joan den astean itxi zuten auzibidea, baina gaur arte ez dute horren berri eman. Salaketa joan den uztailean jarri zuen Durangoko Udalak, eta epailearen erabakiari helegitea jarriko diotela iragarri dute abokatuek, "gertatu zenaren inguruko egia jakin dadin, eta Italiako Gobernuak barkamena eska dezan legez kontrako bonbardaketa harengatik".

Ordea, ez da lehen aldia halakorik gertatzen dela. Elgetan badakite. Udalak iazko urrian jarri zuen salaketa, herrian 1936 eta 1980 artean gertatutako hamalau krimen iker zitezen, eta Bergarako auzitegiak hura tramiterako onartu eta abiatu zuen ikerketa. Maider Imaz epaileak genozidio eta gizateriaren aurkako delitu zantzuak ikusi zituen gertakariotan. Imaz, baina, ordezko epaile gisa ari zen, eta berezko epailea itzuli zenean artxibatu egin zuen salaketa, krimenak iraungita zeudela argudiatuta.

'Egitate nahikorik ez'

Durango 1936 kultur elkarteak kaleratu duen oharrean zehazten denez, ezin da ikerketa orokor bat abiatu zigor kodeak jasotzen dituen egitate zehatzik gabe eta horien egiletza ezagutu gabe. Alegia, epailearen arabera, ezin liteke frogatu salaketan jasotzen diren horiek izan zirenik bonbardaketan parte hartu zutenak egun eta ordu zehatz horietan.

Erantzun honen aurrean haserre agertu da elkartea, eta "aitzakiatan" oinarrituta auzia artxibatzeko "benetako arrazoiak" ezkutatzea egotzi dio epaileari. "Salatzaileak frogatu behar ei du salatuak bizirik dauden. Harrigarria! Hilketa edo bortxaketa baten aurrean ere hilketa edo bortxaketa salatzen duenak frogatu behar du ustezko hiltzailea edo bortxatzailea bizirik dagoela? Ez dugu ulertzen zertarako ditugun epaileak".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.