Artxibatu egin dute Leitzako alkatearen aurkako auzia

Auzitegi Nazionaleko epaileak dio ez dela frogatu inputatuek «terrorismoa goratu» zutenik jaien hasieran

Erredakzioa
2011ko abenduaren 2a
00:00
Entzun
Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaile Pablo Ruzek artxibatu egin du Leitzako (Nafarroa) alkate Oier Eizmendiren aurka ustez «terrorismoa goratzeagatik» irekitako auzia. Epaileak erabaki bera hartu du auzian inputatutako Lourdes Juantorenaren etaSaioa Iraolaren kasuetan ere.Epaileak dio, atzo kaleratutako autoan, ez dela frogatu herriko festen hasierako ekitaldian hiru lagunek «terrorismoa goratu» zutenik.

Jaietako egitarauan euskal presoen eskubideen aldeko manifestazioa iragartzeagatik inputatu zuen Auzitegi Nazionalak Oier Eizmendi alkatea, eta beste bi herritarrak ere akusatu zituen, txupinazoan herriko preso baten argazkia zuen elastiko bana jantzita eramateagatik «terrorismoa goratzea» egotzita.

Ruz epaileak autoan adierazi du jaien hasierako ekitaldi horietan «terrorismoa goratu» egin zela, baina ezinezkoa dela identifikatzea presoei egindako omendaldian pankartak eta argazkiak erakutsi zituztenak. Gainera,epaileak dio gertakari horiek izan zirenean Leitzako alkatea udaletxe barruan zegoela eta, beraz, ez zuela ekitaldietan parte hartu.Halaber, Ruzek dio Eizmendik ez zuela zerikusirik izan udalbatzak prestatutako jai egitarauarekin, aurreko alkateak prestatutakoa zelako.

Jone Lozano euskal presoaren aldeko itsasgarria eta elastikoa eramateagatik inputatutako Lourdes Juantorena eta Saioa Iraolari dagokienez, berriz, epaileak dio «ausartegia» dela esatea biek «terrorismoa goratzeko» asmoa zutela. Lozano herriko bizilaguna, Bilgune Feminista elkarteko kidea eta bietako baten lankide dela azpimarratu du epaileak autoan. Halaber, Frantzian preso zegoen Lozano Leitzako jaiak izan zirenean, baina oraindik ez dago haren kontrako epairik, Ruzek azpimarratu duenez.

Txupinazo egunean jatorria

Leitzako festetako lehen egunean du jatorria auziak, abuztuaren 10ean. Foruzaingoari eskatutakotxostenean oinarrituta, Javier Zaragoza Espainiako Auzitegi Nazionaleko fiskalburuak Auzitegi Nazionalari adierazi zion egun horretan euskal presoekiko babes eta omenaldi ekitaldiak egin zirela, udalbatzak prestatutako egitarauan manifestaziorako deia egiten zela, eta presoen aldeko topa egiteko deia egitarauan egotea «terrorismoa goratzea»zela. Horrez gain, suziria botatzeko unean beste herritar batzuk euskal presoen eskubideen aldeko pankartak erakutsi zituztela ere gaineratu zuen fiskalak txostenean.

Horretan oinarrituta, Ruz epaileak Eizmendi, Juantorena eta Iroala inputatu zituen, «terrorismoa goratzea» leporatuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.