Sara Majarenas euskal herritarrak aurkeztutako babes helegitea onartu du Espainiako Auzitegi Konstituzionaleko lehenengo salak. Majarenasek torturak salatu zituen 2005ean, baina Valentziako (Herrialde Katalanak) epaile batek auzia artxibatzea erabaki zuen. Konstituzionalaren arabera, epaileak ez zituen behar bezala ikertu Majarenasek salatutako «gertakari larriak». «Gertakariak argitzeko eskura dituen baliabide ia guztiak alboratu zituen epaileak. Argi eta garbi esan dezakegu egindako ikerketa ez dela nahikoa», azaldu du. Hala, salaketa berriz aztertzeko eskatu dio epaitegiari.
ETAko kide izatea egotzita, Majarenas 2005eko otsailean atxilotu zuen Espainiako Poliziak, Valentzian. Inkomunikatuta emaniko bost egunetan torturatu egin zutela salatu zuen Majarenasek auzi medikuaren aurrean.
Atxilotu zuten unetik behin eta berriz buruan eta sabelean jo zutela eta hainbat mehatxu egin zizkiotela salatu zuen. Ospitalera eraman behar izan zuten. Valentzian bi egun eman ostean, Madrilera eraman zuten, eta han ere torturatu zutela salatu zuen.
Majarenasek apirilean aurkeztu zuen salaketa epaitegian. Felix Blazquez Calzada Valentziako 14. Instrukzio Epaitegiko epaileak hartu zuen salaketa ikertzeko ardura, baina hasieratik bota zuen atzera. Lehenengo autoan adierazi zuen salaketak ez zuela oinarririk, eta helburua Poliziaren lana «hondatu» nahi izatea zela gaineratu zuen. Horren harira, epaileak esan zuen halako salaketak errotik moztu behar direla.
Majarenasen abokatuek erreforma helegitea jarri zuten artxibatzearen aurka, baina 2005eko urrian plazaratutako autoan, aurrekoan esandakoa berretsi eta harago egin zuen Blazquezek, atxilotuek giza eskubideak eskatzea «bitxitzat» joz. Valentziako Probintzia Auzitegiak epailearen erabakia babestu zuen, eta salaketa artxibatu zuten.
Majarenasen abokatuek salatu zuten diligentzia bakar bat ere egin gabe erabaki zuela epaileak birritan salaketa artxibatzea. Hori hala, Auzitegi Konstituzionalean babes helegitea jarri zutenabokatuek, eta epailearen jarrera aztertzeko eskatu zioten Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiari. Konstituzionalak hartutako erabakian aintzat hartzen dira Europako Giza Eskubideen Auzitegiaren hainbat epai; besteak beste, Mikel San Argimirorena. Estrasburgoko auzitegiak Espainiako Estatua zigortu zuen, iazko irailean San Argimiroren tortura salaketa ez ikertzeagatik.
Artxibatutako tortura salaketa bat berriz ikertzeko eskatu du Konstituzionalak
Sara Majarenasek 2005ean aurkeztutako salaketan gertakari «larriak» jasotzen direla adierazi du auzitegiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu