Ruben Villa sestaoarrak aurkeztutako babes helegitea onartu du Espainiako Auzitegi Konstituzionalak, eta 2010ean hark aurkeztutako tortura salaketa ikertzeko agindu dio Bilboko Instrukzio Epaitegiari. Fernando Grande-Marlaska Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak gazte mugimenduaren aurka agindutako polizia operazio batean atxilotu zuten Villa, beste hamahiru gazterekin batera, 2010eko urriaren 22an. Espainiako Poliziaren esku lau eta bost egun inkomunikatuta eduki ostean, hamahiru gazte espetxeratzeko agindu zuen Grande-Marlaskak, Villa barne— aurtengo otsailean irten zen espetxetik, bermea ordainduta—, eta guztiek jakinarazi zuten inkomunikatuta egon ziren egunetan torturak eta tratu txarrak jasan zituztela.
Villak Bilboko 9. Instrukzio Epaitegian aurkeztu zuen tortura salaketa, 2010eko azaroan, baina epaileak artxibatu egin zuen. Erabaki horren aurka gazteak Bizkaiko Probintzia Auzitegian aurkeztu zuen helegitea ez zioten onartu, eta Auzitegi Konstituzionalera jo zuen. Espainiako auzitegiak ekainean onartu zuen hark aurkeztutako babes helegitea, atzo TAT Torturaren Aurkako Taldeak jakinarazi zuenez.
Auzitegi Konstituzionalaren arabera, Villak aurkeztutako tortura salaketa «behar bezala ikertu gabe» artxibatu zuten, eta ebatzi du defentsa gabezia izan zela eta epaile eta auzitegietatik babes eraginkorra lortzeko eskubidea urratu dutela haren kasuan (Espainiako Konstituzioaren 24.1 eta 15 artikuluak). Eskubide hori berrezartzeko asmoz, Konstituzionalak baliorik gabe utzi ditu auziarekin lotuta Bilboko Instrukzio Epaitegiak eta Auzitegi Probintzialak hartutako erabakiak. Hori hala, atzera egiteko eta urratua izan den eskubide horrekiko errespetuzko ikerketa abiatzeko agindu dio Konstituzionalak Bilboko Instrukzio Epaitegiari.
Villak epaitegian aurkeztutako salaketan azaldu zuenez, atxilotu orduko poliziek gogor lotu zizkioten eskuburdinak, eta eskumuturretako azala altxarazi. Ordu luzez eduki zuten eskuburdinekin eta postura behartuetan, eta, hori zela medio, besaburua atera zitzaion. Gorputz zati horretan eta buruan jo zutela salatu zuen, eta azaldu zuen polizien aurrean deklaratu eta lagundu zezan irain, mehatxu eta galdeketa amaigabeak jasan zituela. Tortura salaketak jasotzen duenez, horrek guztiak min handia eragin zion kaltetutako besaburuan eta nerbioetako arazoak izan zituen.
Eginbide bakarra
2010eko azaroaren 6an salaketa aurkeztu zuen Villak Bilboko Instrukzio Epaitegian. Besteak beste, hauxe eskatu zion auzitegiari: auzitegiko medikuen txostenak eskatzeko Auzitegi Nazionalari, mediku horiei deklarazioa hartzeko, atxiloketan eta zaintzan parte hartu zuten poliziak identifikatzeko, polizien aurrean zein Grande-Marlaska epailearen aurrean eginiko deklarazioak eskatzeko, ofiziozko abokatuari deklarazioa hartzeko, atxiloaldiko bideo grabazioak eskatzeko eta azterketa mediko eta psikologikoa egiteko.
Villaren defentsak eskatutako eginbide guztietatik bakarra bete zuen Instrukzio Epaitegiak. Auzitegi Nazionaleko medikuen txostenak eta espetxeratu zuten egunean espetxean eginiko txostena eskatu zituen, eta txosten horien azterketatik ebatzi zuen ez zela torturarik izan, medikuek ez zutelako eraso fisikoekin lotutako aztarnarik atzemaneta Villak medikuen aurrean ez zituelako salatu tratu txarrak. Hori hala, Instrukzio Epaitegiak auzia artxibatu zuen 2011ko otsailaren 19an, eta erabaki hori berretsi zuen martxoaren 17an.
Erabaki horren aurka helegitea aurkeztu zuen Villak Probintzia Auzitegian, baina auzitegi horrek atzera bota zuen eskaera martxoaren 30ean, auzitegiko medikuen tostenak «argiak» zirela argudiatuta.
Espainiako Auzitegi Konstituzionalak, baina, ez du begi onez ikusi auzitegi horien jarduteko modua. Batetik dio auzitegiko medikuen txostenek Villa torturatua izan zela baztertzen badute ere aitortzen dutela gazteak besaburua eta sorbalda minduta zeuzkala —atxilotu aurretik pilotan aritzeagatik izan zitekeela diote txostenek— eta sendagaiak agindu zizkiotela min hori leuntzeko, zauriak zituela eskumuturretan,eta antsietate zantzu nabarmenak zituela. Horrek, ondoren, Villak eginiko salaketarekin bat egiten duela dio Konstituzionalak, eta zantzu horiek sendoak ez badira ere, «nahikoak» direla ikerketa bat abiatzeko, «arrazoitutako susmoak» daudelako.
Horrekin batera, Auzitegi Konstituzionalaren jurisprudentzia ekarri dute gogora ebazpena sinatu duten auzitegi horretako 2. Salako magistratuek. Horren arabera, auzitegiko medikuek eraso fisikoen aztarnak atzeman ez izanak ez du nahikoa indarrik tratu txarrak egon diren susmoak baztertzeko, ezta salatzaileak auzitegiko medikuen aurrean tratu txarrak jasan izana ez esateak ere.
Konstituzionalak hartutako erabakian aintzat hartzen dira, halaber, Europako Giza Eskubideen Auzitegiaren hainbat epai; besteak beste, 2011ko martxoaren 8an Aritz Beristainen alde ebatzitakoa eta 2010eko irailaren 28an Mikel San Argimiroren alde ebatzitakoa. Aipatutako kasu bietan, Giza Eskubideen Auzitegiak Espainia zigortu zuen tortura salaketak ikertzeko betebeharra urratzeagatik.
Artxibatutako tortura salaketa bat ikertzeko agindu du Konstituzionalak
Bizkaiko auzitegiek 2010ean Ruben Villa gazteak eginiko tortura salaketa ikertzeko betebeharra urratu zutela ebatzi duBerretsi du auzitegiko medikuen txostenak ez direla aski salaketak artxibatzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu