Artzain eguna

Artzaintzari gorazarre egin diote Ordizian

Antzinako usadioari jarraituz zeharkatu dute Ordiziako erdigunea 2.000 ardik. Bideoa: Artzain Eguna, goizean (Gotzon Aranburu, Argazki Press). [Berriatb]http://www.berria.info/berriatb/2093/[/Berriatb]

Araitz Muguruza.
2014ko apirilaren 23a
21:31
Entzun

Ardiak eta artzainak, horiexek eguneko protagonistak Ordiziako Artzain Egunean (Gipuzkoa). Goizean goizetik ardi eta ahari latxen erakusketa eta lehiaketa izan dira, eta udaberriro egin ohi den moduan, ardiei ilea nola mozten dieten ere erakutsi dute. Baina eguneko ekitaldirik garrantzitsuenetakoa kale nagusian izan da, handik igaro baitira 2.000 ardi lau artaldetan banatuta. Urtean behingoagatik bada ere, garai bateko ohitura berreskuratu dute. Aspaldiko argazki gaurkotua.

Udaletxean, bestalde, Idiazabalgo gaztaren garai berria aurkeztu dute. Donostiako Mirador de Ulia jatetxeko Ruben Trincado sukaldaria izan da aurten gazta erditik banatu duena. Denboraldi hasiera emateko aukera izatea "ohorea" izan dela adierazi du: "Esan dezaket sari honen atzetik ibili naizela, artzainen lana miretsi egiten baitut".

Ardi latxa arraza berreskuratzeko egin duen lanagatik Ardiekin Intseminazio Zentroa saritu dute. Gaztaren erregulartasun eta kalitate sariak, berriz, Olaberriako (Gipuzkoa) Santi Etxezarreta artzainak eta Sunbillako (Nafarroa) Luis Vicente Larrarte gaztategiek jaso dituzte. Azken horrek bederatzigarren aldiz irabazi du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.