Memoria historikoa

Artzapezpikutzak helegitea jarri du Mola eta Sanjurjo hobitik ateratzearen kontra

Militar kolpistak Erorien Monumentutik ateratzearen kontra agertu da Iruñeko Artzapezpikutza. Bi argudio eman ditu: batetik, Memoria Historikoaren Legea aplikatuta gelditu zela esan zutela auzitegiek 2008an, eta, bestetik, "erabilera pribatuko kripta" denez, ez dela hilerri bat, eta ez dela sartzen Nafarroako hileta tokietako osasun araudian.

Iñigo Uriz / Agazki press. MOLAREN HOBIA, ERORIEN MONUMENTUKO KRIPTAN.
Berria
2016ko urriaren 4a
07:21
Entzun

Memoria Historikoaren Legea eta Nafarroako hileta tokietako osasun araudia eskuan hartuta atera nahi ditu hobitik Jose Sanjurjo eta Emilio Mola militar kolpistak Iruñeko Udalak. Eta halaxe egitea erabaki zuen abuztuaren hondarrean. Baina Sanjurjoren familiaren eta UPN zein PPren kontrako jarreren ostean, gaia auzitara eramatea erabaki du Iruñeko Artzapezpikutzak. Gaur jakinarazi du helegitea aurkeztu zuela atzo Espainiako Gobernuaren Ordezkaritzan. Izan ere, azpimarratu duenez, kriptaren jabea udala izan arren, haren erabilera artzapezpikutzaren esku dago betirako, eta salatu du jabetza izateak ez dio gorpuak ateratzeko ahalmenik ematen udalari.

Iruñeko Udalak bi araudi baliatu ditu gorpuak ateratzeko: Memoria Historikoaren Legea eta Nafarroako hileta tokietako osasun araudia. Bi horiek eskutan, udalaren erabakia okerrekoa dela dio artzapezpikutzak.

Batetik, artzapezpikutzak dio Nafarroako Administrazioarekiko Auzitegiak 2008an ebatzi zuela une hartako udalak hartu zituen neurriak nahikoak zirela Memoria Historikoaren Legea betetzeko. Orduan frankismoa goratzeko ekitaldiak egitea debekatu ei zen bertan. Beraz, gorpuak atera gabe ere Memoria Historikoaren Legea betetzen dela argudiatu du artzapezpikutzak. Nolanahi ere, urtero egiten dituzte mezak "gurutzadan eroritakoen" omenez, eta uztailaren 18an Mola eta Sanjurjoren omenezko mezak egiten dira han.

Bestetik, argudiatu du ezin dakiokeela kriptari aplikatu Nafarroako hileta tokietako osasun araudia, azpimarratuz ez dela hilerri bat, baizik eta toki pribatu bat. Gainera, gorpuzkiak ateratzeko kripta puskatu beharra dagoela dio artzapezpikutzak, baina toki sakratua dela eta kultuzko jarduerak egiteko erabiltzen dela azpimarratu du. Beraz, legea eskuan, bortxaezintasuna bermatuta daukala.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.