Larunbat goizaldean Kutxabankeko kutxa automatiko baten aurka izandako erasoa "mesedegarri" zaie hiru alderdi horiei, Sorturen ustez, "eztabaida desitxuratu eta pribatizazio prozesua herritarren bizkar egiten jarraitzeko".
Itxaso Atutxa EAJko ordezkariari "gezurretan aritzeari" uzteko eskatu dio. "Ez dezatela aitzakiarik bilatu EAJ gauzatzen ari den euskal kutxen likidazioaren inguruko eztabaida saihesteko eta zintzotasun minimo batez jardun dezatela, Kutxabank pribatizatzeko EAJren asmoak herritarrei ezkutatzeari utziz".
Atutxak, erasoa gaitzestearekin batera, ezker abertzaleari igorri zion mezua atzo. "Ezker abertzalearen aldetik alarma soziala sortzeko ahaleginaren barnean" kokatu zuen erasoa. "Euskadik lasaitasuna, egonkortasuna eta konfiantza behar ditu garapen ekonomikoaren alde lanean jarraitzeko, eta espero dugu ahalegin horretara ezker abertzalea ere batzea".