“Oraingoan zeharkatu ezin daitezkeen muga guztiak gainditu dira”. Jose Antonio Asiain Nafarroako Kutxako presidenteak xantaia baten biktima izan dela azpimarratu du Iruñean eskainitako prentsaurrekoan, eta erakundeari “min egin” nahi izan diotela kritikatu du. Santiago Cerveraren errugabetasun printzipioa defenditu du: “Ez dut nik epaituko”.
Asian abenduaren 5ean Lanzaroten zegoen posta elektroniko anonimo bat jaso zuenean. Abenduaren 7rako 25.000 euro ordaindu ezean, abokatu gisa CANi zerbitzuak fakturatu zizkion 'informazioa' kaleratuko zuela mehatxatu zuen anonimoak. Asiainek esan du akusazio hori erabat faltsua dela eta kutxako kontseilari denetik ez duela abokatu zerbitzurik eskaini CANi. Lanzaroten bertan berehala salaketa aurkeztu zuen Guardia Zibilaren kuartelean.
Atzo, 19:05ean, abokatu batek deitu zion eta esan zion pertsona bat atxilotu zutela. Santiago Cervera zen atxilotua eta hari tranpa bat jarri ziotela jakinarazi zion abokatuak. Salaketa kentzeko aukera iradoki zion. Dei hori jaso ostean, Guardia Zibilari deitu eta ikerketa amaitua zutenez, berretsi zioten Cervera zela. Handik ordubetera Cerveraren mezu bat jaso zuen, berarekin harremanetan jarri nahi zuen, baina Asiainek ez dio erantzun. Gertaera guztiak argitu arte ez duela salaketarik kenduko irmo utzi du.
“Ni naiz biktima, ez naiz epailea. Ez dut PP epaituko, ezta Santiago Cervera ere, baina gai hau Santiago Cerveraren kontu bat da”. Harrituta agertu da atxilotua Cervera izan delako, eta aipatu du argi duela zer gertatuko zatekeen rola desberdin banatu eta bera atxilotua izan balitz. “Badakit berak zer esango lukeen”. Minduta agertu da Cerverak azken urteetan aurrezki kutxaren inguruan hartu duen jarrerarekin.