Beste lau euskal preso lekualdatu ditu Frantziako Gobernuak, azken egunotan. Poissyko espetxean zegoen Asier Borrero, Euskal Herritik 950 kilometrora, eta Mont-de-Marsanera eraman dute. Ugaitz Errazkin, Gorka Palacios eta Saioa Sanchez, berriz, Espainiaren esku utzi ditu Parisek. Aurreneko biak han zuten zigorra bete ostean, eta hirugarrena epaiketa baterako, herenegun —berriro ere Frantziara bueltatzekotan—. Chateaurouxeko espetxean zegoen Errazkin, eta St. Maurren Palacios. Espainiak Soto del Realera eraman ditu, Madrilera.
Orain arte 11 preso hurbildu ditu Frantziako Gobernuak, Mont-de-Marsanera, Lannemezanera eta Muretera. Azken hiru horien aurretik lekualdatu zuten azkena Joseba Fernandez iruindarra izan zen. Osnyn, Euskal Herritik 970 kilometrora zegoen Fernandez, eta Muretera eraman zuten hilaren 13an.