Euskal presoak

Asier Ezeiza euskal presoa Mont-de-Marsanera gerturatu dute

Hernaniarra Tarascongo espetxean zegoen. Beste bost presori, berriz, DPS estatusa kendu diete.

Etxerat-en mobilizazio bat, presoen sakabanaketa politikaren aurka. JON URBE / FOKU
jon olano
2018ko ekainaren 14a
07:24
Entzun

Etxerat elkarteak eman du gerturatzearen berri. Euskal Herritik 750 kilometrora dago Tarascon, eta 234ra, berriz, Mont-de-Marsan.

Aurtengo otsailaren 27an Frantziak lehen euskal presoak hurbildu zituen Euskal Herrira (orain arte, hamalau): Zigor Garro eta Julen Mendizabal, Mont-de-Marsanera. Martxo hasieran kartzela hartara Josu Urbieta, Raul Aduna eta Jon Salaberria. Eta hil berean Jon Gurutze Maiza eta Alberto Ilundain, Lannemezango espetxera. Apirilean Arkaitz Agirregabiria eta Iurgi Garitagoitia, Lannemezanera; Ekaitz Sirvent eta Asier Borrero, Mont-de-Marsanera; maiatzean Luis Iruretagoiena Mont-de-Marsanera; orain, ekainean Asier Oiartzabal, Lannemezanera, eta Ezeiza Mont-de-Marsanera. Horiez gain, Joseba Fernandez, Muretera.

Gainera, Frantziako Gobernuak DPS estatusa kendu die beste bost presori: Jurdan Martitegi, Marina Bernado, Igor Suberbiola, Oihan Barandalla eta Alberto Ilundaini.

Jon Kepa Preciado Santurtziko presoa (Bizkaia), berriz, Valdemoroko espetxetik (435 km) Kordobakora (754) lekualdatu zuten atzo, Amnistiaren Aldeko eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak jakinarazi duenez. Preciado maiatzaren 25ean eraman zuten Kordobatik Valdemorora Espainiako Audientzia Nazionaleko fiskaltzak epaiketa baterako lekuko gisa deitu zuelako. Epaiketa, ordea, atzeratu egin dute eta berriro ere eraman dute Kordobako kartzelako bakartze galeriara.

Saioa Sanchez Berangoko presoa (Bizkaia) ere urrundu dute, Soto del Realeko kartzelatik (382 km) Brievakora (435 km). Apirilaren 18an Frantziako Estatuak Saioa Espainiaren esku utzi zuen aldi baterako, Auzitegi Nazionalean Iñigo Zapirain eta Beatriz Etxebarriarekin batera epaitua izan zedin. Ekainaren 6an epaitu zituzten, eta fiskalak 15 urteko espetxe zigorraren eskaera mantendu zuen hirurentzat. Sanchez 2007ko abendutik dago kartzelan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.