Euskal herritar bat bahituta Kolonbian

Asier Huegun askatzeko "baldintza politikorik" ez jartzeko eskatu dio familiak ELNri

Kolonbiako ELN Askapen Nazionaleko Armada gerrillak zenbait baldintzaren truke Asier Huegun Etxeberria gazte donostiarra libre uzteko prest dagoela jakinarazi ondoren, beren senidea askatzeko "baldintza politikorik" ez jartzeko eskatu du Huegunen familiak. "Kezkatu egiten gaitu eta ez zaigu gustatzen gure seme eta anaia negoziazio politiko baten testuinguruan nahastea", adierazi dute.

2003ko urriaren 21a
18:19
Entzun
ELNko kideek "beren herriarengatik" sufritzen dutela, eta "errukitzeko gai" direla jakin badakitela dio Huegun-Etxeberria familiak plazaratu duen idatziak, eta, ondorioz, Asier Huegun eta haren batera bahitutako beste sei turistak baldintzarik gabe aske uzteko eskatu diote gerrillari.

Era berean, bitartekaritza biderik onena eta euren "konfiantza guztia" duena Kolonbiako Elizak bahiketa honetarako sortutako batzordea dela berretsi dute.

ELNko buruzagi espetxeratu batek, Francisco Galanek, Asier Huegun donostiarra aske uzteko prest zeudela jakinarazi zuen atzo Radio Caracol irrati katearen bidez, hain zuzen ere, Euskal Herriarekiko "elkartasun keinu" gisa.Nolanahi ere, zenbait baldintza jarri zituen askatzea gauzatzeko: Huegun berak eta ELNko beste buruzagi batek, Felipe Torresek, entregatzea, eta Eusko Legebiltzarreko ordezkaritza bat —Joseba Egibarrek (EAJ), Sabin Intxaurragak (EA) eta Joseba Alvarezek (SA) osatua— zein Euskal Herriko zenbait komunikabide horren lekuko izatea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.