UPNk polemikari eutsi nahi dio, kosta ahala kosta. Iruñeko Udalari zentsura egitea leporatu dio, Espainiako Poliziaren biktimen inguruko erakusketa bati Ziudadelan egiteko baimena ez ematea erabaki duelako udalak. Joseba Asiron Iruñeko alkateak salaketok ukatu egin ditu berriro.
Herritarren batzordea egin da gaur udalean, eta bertan baimena ez emateko arrazoiak eman ditu Joseba Asiron Iruñeko alkateak. Bere esanetan, Ziudadela “sormen gunea” izateko akordioa du gobernuak, eta helburua da “sormen artistikorako laborategi” bihurtzea eremua.
Asironek argi adierazi nahi izan du baimena ez emateko arrazoia ez dela proposamena egin duenaren nortasuna (Espainiako Polizia), eta erakusketaren edukia aztertu ostean hartu dutela erabakia. Asironen arabera, beste hainbat hiritan Espainiako Barne ministerioaren egoitzetan egin izan dela —adibidez Bilbon eta Madrilen—.
Alkatearen esanetan, kargua utzi baino bost egun lehenago, Ziudadelan erakusketa egiteko akordioa izenpetu zuen. “Isilean egin zuten, eta ez zuten horren berri publiko egin”. Asironen irudiko, “azkarregi” sinatu zuten, hurrengo udal gobernua baldintzatu asmoz. “Mezetan, prozesioetan eta janzkeretan” oinarritutako epe motzeko oposizioa egitea egotzi dio UPNri, eta biktima guztiekin konpromisoa azaldu du, “ETArenak barne”.
UPNren erantzuna
Enrique Maia UPNko eleduna kritiko azaldu da Asironen azalpenekin: “Gaur argi geratu da erakusketaren edukia dela arazoa eta biktimei buruz hitz egiteak aspergarria iruditzen zaizuela”. Maiak gogoratu du ETAk 180 polizia hil zituela eta galdetu dio Asironi: “Zergatik uko egiten diozu biktimei omenaldia egiteari?”.
Geroa Baiko Iñaki Cabases ez dator bat “biktimen inguruan UPNk egiten duen erabilerarekin”. Bere esanetan, konfrontazio politikorako erabiltzen du, eta horregatik, zail egiten zaio ados jartzea.
PSNko Maite Esporrinek, berriz, “erabateko gaitzespena” azaldu du erakusketa “debekatu delako”. “Espainiako Poliziak baimena eskatu bazuen, ez dago arrazoi objektiborik ezezkoa emateko”.
Edurne Egino Ezkerrako eledunak adierazi du udalak ez zuela erakusketaren edukiaren berrij. Ana Lizoain Aranzadiko eledunaren irudiko, Ziudadaleko Armen Biltegia ez zen “tokirik egokiena”-