Politika

"Askapen mugimendua berreraikitzea" du xede Askatasunaren Bidean-ek

Ezker abertzalearen gaur egungo estrategiarekin bat ez datozen 50 bat preso eta iheslari ohik agerraldia egin dute Bilbon Askatasunaren Bidean izeneko batzarra aurkezteko; "denon artean erabakiko dugu nora eta nola joango garen", esan dute.

jarraia123066.jpg
gotzon hermosilla
2016ko maiatzaren 21a
10:06
Entzun

Euskaraz, frantsesez eta gaztelaniaz irakurri duten agirian, Askatasunaren Bidean osatzen dutenek adierazi dute urtarrilean hasi zirela bilerak egiten, eta, azkenean, euren burua antolatzeko urratsa egitea erabaki dute. "Batzarra" izango da antolatzeko aukeraturiko moldea, eta, esan dutenez, datozen hilabeteetan "herri sektoreekin" harremanak izango dituzte, euren planteamenduen berri emateko. Alderdi politiko bat egiteko asmoa ote duten galdetuta, erantzun dute "denen artean" erabakiko dutela etorkizunean zein urrats egin.

Hiru helburu ezarri dituzte Askatasunaren Bidean osatzen dutenek: "borrokaren duintasuna" mantentzea eta historia "manipulatzeko" eta "berridazteko" saialdiei aurre egitea; belaunaldi berriei "etorkizun libre eta hobea eraikitzeko" ateak ez ixtea; eta errepresaliatu politikoei babesa ematea, "jakin dezaten bat bera ere ez dela bazterrean botata geldituko etsaiaren xantaien aurrean amore ez emateagatik". "Euskal Nazio Askapen Mugimendua berreraikitzeko estrategiarekin" bat datozen ahalegin guztiak babestuko dituztela esan dute.

Agerraldia amaitutakoan, argi utzi nahi izan dute euren batzarretan ez dela borroka armatua berriro erabiltzeko inolako proposamen edo planteamendurik izan. "Egun, Euskal Herrian ez dago borroka armaturik", esan dute, "eta estatuek aukera hori baliatu beharko lukete gatazka konpontzeko".

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.