Askapena

Askapenaren aldeko 'Herri libreen martxa' antolatu dute urriaren 12rako, Iruñean

Heldu diren asteetan, Espainia "estatu inperialista" epaituko dute Euskal Herrian eta atzerrian, eta Hispanitatearen Egunean sententzia publiko eginen dute.

Askapenako kideen agerradia, gaur, Iruñean. IDOIA ZABALETA / ARGAZKI PRESS
Iker Tubia.
2015eko irailaren 5a
14:38
Entzun

Urriaren 19an euskal herritarren aurkako beste epaiketa bat hasiko da Espainian. Aritz Ganboa, Walter Wendelin, Gabi Basañez, Unai Vazquez eta David Soto militante internazionalistak jarriko dituzte akusatuen aulkian, eta Askapena, Askapeña eta Elkar Truke elkarteak legez kanpo uzteko eskaria eginen dute. Horren aurrean, hainbat herritarrek Espainia epaitzea erabaki dute, estatu inperialista delakoan. Ondoren, epaia publiko eginen dute urriaren 12an, Hispanitatearen Egunean, hain zuzen ere. Egun horretan manifestazioa eginen dute Iruñean, Antoniutti parkean hasita, eta gerorako musika eta hainbat ekitaldi antolatu dituzte Nabarreria plazan.

Maider Caminos Libre dinamikako kideak azaldu du herritarren epaiketen zioa: "Espainiako estatu inperialista epaitzera goaz Euskal Herriaren aurka urte luzeetan egindakoagatik, naziorik gabeko kartzela den estatu hau mantentzeagatik, saharar herriaren ukazio eta zapalketan duen erantzunkizunagatik, NATOko kide izateagatik, Abya Yalan edo Latinoamerikan egindakoagatik eta egiten ari denagatik". Beraz, egoerari itzulia eman, eta epaituek epailea epaituko dute.

Ekitaldi batzuen egutegia ere aurkeztu dute. Dena den, Euskal Herriko gainerako herri eta auzoei dei egin diete haiek ere epaiketak antola ditzaten. Horretarako bitartekoak paratu dituzte Askapena.org webgunean, eta [email protected] helbidera idazteko aukera eman dute.

Herri epaiketak Euskal Herrian

Irailaren 6an, Mendillorrin (Iruñea)

Irailaren 12an, Zizur eta Antsoainen (Nafarroa)

Irailaren 19an, Urretxu (Gipuzkoa), Txantrea, Donibane (Iruñea) eta Elorrion (Bizkaia)

Irailaren 20an, Laudion (Araba)

Irailaren 26an, Iruñeko Alde Zaharra, Tutera, Gares, Lizarra, Lesaka (Nafarroa), Donostia, Arrasate (Gipuzkoa), Agurain (Araba) eta Arabako mendialdean

Urriaren 2an, Bilbon

Urriaren 3an, Sakana, Atarrabia (Nafarroa), Ordizia, Irun, Zarautz (Gipuzkoa), Barakaldo, Algorta, Galdakao (Bizkaia) eta Gasteizen

Urriaren 10ean, Nabaskoitze eta Tafallan (Nafarroa)

Herri epaiketak atzerrian

Irailaren 11n, Bartzelonan (Herrialde Katalanak) eta Bretainian

Irailaren 13an, Parisen (Frantzia)

Irailaren 20an, Malagan (Espainia)

Irailaren 24an, Brescian (Italia)

Irailaren 25ean, Madrilen (Espainia)

Irailaren 26an, Buenos Airesen (Argentina)

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.