'18/98 auzia'

Askasibar eta Ibarraren deklarazioekin hasi da berriro epaiketa

'18/98 auziko' epaiketan orain arte deklaratu duten auzipetuek berriro ere agerraldiak egin beharko dituzte epaimahaiaren aurrean. Urrian epaiketa hasi zenean deklaratzen lehendabizikoa izan zen Bixente Askasibar galdekatu du Kepa Landa abokatuak eta une honetan Bigarren Ibarra ari da deklaratzen. Zenbait dokumentutan agertzen denaren aurka, Askasibarrek ukatu egin du KASeko arduradun izan zela. Defentsaren eskariz hasiko dira dagoeneko deklaratu duten auzipetuak berriro galdekatzen, orain arte isilpean egon diren 75/89 eginbideen inguruan defentsa gauzatu ahal izateko.

2006ko otsailaren 28a
12:55
Entzun
75/89 diligentziak instrukzioaren aurreko ikerketa biltzen dute 100.000 foliotan. Gehienak poliziaren txostenak dira; HB, KAS eta ETAren arteko harreman aztertzen dute. Baina 1994ko txosten baten arabera poliziak berak ez du argi nortzuk diren KASeko buruzagiak. "Ez dauzkago begi bistako frogak edo alderatutako daturik KASeko buruzagitzan osatzen duten pertsonei buruz", dio idazkariak irakurri duen txostenak.

Diligentzia horietako beste dokumentu batean, Ertzaintzak Bltasar Garzon epaileari 1996an bidalitakoan hain zuzen, honela irakur daiteke: "SER irrati katearen arabera Askasibar jauna KASeko buruzagia da". Baieztapen hori akusazioa egiteko froga gisa agertzen da.

Defentsa abokatuek atzo salatu zuten epaiketan deklaratu duten auzipetu askoren aurkako frogak topatu dituztela orain gutxi arte sekretupean egondako 75/89 eginbideetan, eta, beraz, defentsa eskubidea behar bezala gauzatu eta galdeketa osatze aldera, ezinbestekoa dela polizia txosten horiei buruzko galderak egitea auziperatuei. Defentsak egindako eskaera ontzat jo zuten fiskalak eta akusazioak, eta beraz, urrian epaiketa hasi zenetik deklaratu duten hainbat auzipetu galdekatuko dituzte berriro gaurtik aurrera.

10:00etan da hastekoa gaurko auzi saioa, eta urrian deklaratzen aurrenekoa izan zen Bixente Askasibarren deklarazio hartzearekin abiatu da. Hogeitabat lagunek deklaratu dute gaurdaino, eta guztiak galdekatuko dituzte berriro.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.