Literatura

Askatasun egarri baten kronika idatzi du Koldo Izagirrek

Franco hil ondorengo urteetako giro politiko, sozial eta kulturala islatu du 'Egarri egunak portualdean' nobelan.

Juan Luis Zabala
2011ko azaroaren 30a
17:37
Entzun

Franco hil ostean, 1977 inguruan, Euskal Herriko giro politiko, sozial eta kulturala gori-gori dagoelarik, Pasaiako portuaren inguruetan hazitako gazte batzuen kezkak, zalantzak, eztabaidak eta jokabideak ditu kontagai Koldo Izagirreren (Pasaia, 1953) Egarri egunak portualdean nobelak (Susa). "Gazteria matxinatu bat aurkituko duzue liburuan, askatasuna, maitasuna, berdintasuna eta edertasuna topera bizi eta gozatu nahi duen gazteria matxinatu bat", azaldu du Gorka Arrese editoreak.

Izagirrek ohartarazi du hala ere ez dela nobela autobiografikoa. "Protagonistak ez dauka izenik eta, beraz, belaunaldi hartako edozein identifika daiteke harekin, egoera berdintsuan bizi izandako edozein".

Askotarikoak dira liburuko protagonisten kezkak eta eztabaidarako gaiak: langile mugimenduaren antolakuntza moduak, feminismoa, ekologia, hirigintza, euskara… "Egarria" nabari da giroan zein pertsonaiengan, egileak azaldu duenez, "inkonformismoa", eta nobelaren idazketa moldeak ere bat egiten du pertsonaien izaerarekin, ezaugarriekin eta jokabideekin, estiloan ere "inkonformista" baita Egarri egunak portualdean.

Koldo Izagirreren laugarren nobela da gaur Donostian aurkeztutakoa. Aurretik argitaratu dituen hirurak honako hauek dira: Euzkadi merezi zuten (1984), Nik ere Germinal! egin gura nuen aldarri (1998) eta Agirre zaharraren kartzelaldi berriak (1999).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.