«Askatasuna sendotu» nahi du Patxi Lopezek 2012. urtean

Den-denek, «berdintasunean», «Euskadi plural eta demokratikoaren alde» lan egitera deitu du

Patxi Lopez, atzo, gizarteko alorretako ordezkariei egindako harreran. RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS.
Erredakzioa
Gasteiz
2011ko abenduaren 28a
00:00
Entzun
2012a «askatasuna eta elkarbizitza sendotuko diren urtea» izan dadin nahi du Eusko Jaurlaritzako lehendakari Patxi Lopezek, «zuhurtziaz, inteligentziaz, garai berri hau sendotzeko erabakiak hartuz», eta hori dena «irmotasunez eta eskuzabaltasunez».

Horrela adierazi zuen atzo, gizarteko hainbat alorretako ordezkariei lehendakaritzan eginiko Gabonetako harreran. Poza adierazi zuen Lopezek, «denok espero izan dugun berri on handi hori» iritsi delako, ETAk jardun armatua utzi duelako. Hori ez dela «oparia» izan nabarmendu zuen; «demokratok, amore eman gabe, irabazi dugun zerbait izan da».

Jaurlaritzako lehendakariak tartea hartu zuen ETAk hildako eta eragindako biktimak omentzeko, eta «elkarbizitza demokratikoaren» oinarrietako bat izango direla esan zuen. Elkarbizitza hori «mendekurik eta gorrotorik gabe, baina memoriarekin» eraiki behar dela azpimarratu zuen.

«Euskadi berri baten oinarriak» ezartzeko, batasun deia egin zuen Lopezek, hori delako «gure eginkizun kolektibo garrantzitsuena». Eginkizun horretan den-denak beharrezko direla esan zuen. «Euskadin inor ez dago soberan. Den-denok, berdintasunean, ezinbesteko gara herri egiteko. Eta egingo dugu», esan zuen. «Garai berriek politika berriak eskatzen dituzte», gaineratu zuen, eta espetxe politika «malguago» baten alde dagoela. Ezker abertzaleari ere dei egin zion «garai berri honetan parte hartzera», baina «Euskadik sufritu duen indarkerian izandako erantzukizuna» ere aitortzeko eskatu zion, «beraiek ere Euskadi plural eta demokratiko honen alde lan egin behar baitute».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.