Euskal presoak

Askatasunak dio De Juanak baduela senda-agiria baina Gobernuak ez duela konpromisoa bete

Exekutiboak presoa, sendatzean, etxera bidaliko zuela hitz emana zuen, Juan Mari Olanok esan duenez. "Iñaki, haren senideak, Askatasuna eta herri honen gehiengoa pazientzia galtzen ari dira".

2007ko ekainaren 4a
14:28
Entzun
Juan Mari Olano Askatasunaren bozeramaileak gaur esan du Iñaki de Juana presoari Donostiako Ospitalean emana diotela "behin betiko senda-agiria" eta Espainiako Gobernuak ez duela hari etxera joaten uzteko "konpromisoa bete". Olanoren arabera, De Juana "aspalditik dago osatuta, auto judizialak zioen kontrol telematiko bidez zainduko dutela, baina Gobernuak eta Espetxe Zuzendaritzak ez dute hori bete, hauteskunde testuinguruan ez dutelako ausardiarik izan".

Izan ere, Askatasunaren bozeramaileak adierazi duenez, "De Juanari hasieran esan zioten hauteskundeen aurretik etxera joatea ez zela onena, horrek sor zezakeen presio sozialagatik, baina sendatzean hartuko zutela etxera bidaltzeko erabakia". Hori gauzatzea "espero" dutela iritzi dio Olanok, baina "Iñaki, haren senideak, Askatasuna eta herri honen gehiengoa pazientzia galtzen ari dira". Haren ustez, Espainiako Gobernuak "serio ez" du jokatzen, "egun batean gauza bat esaten duelako eta hurrena bestea".

Espetxe Zuzendaritzak, aldiz, ospitalaren senda-agiririk ez duela jaso adierazi du.

De Juanak oraindik gose greben "ondorioak" dituela jakinarazi du Olanok, "eta seguruenik lau hilabete beharko ditu horiek gainditzeko". Presoa etxera bidaltzen badute, "ospitalera joan beharko du beharra duenean, beste edozein herritarrek bezala".

Halako kasuek "gatazka elikatu besterik ez dute egiten", Olanoren iritziz. EAJ ere kritikatu du, "Gobernuaren ordezkariaren papera bete duelako azkeneko hamabost hilabeteetan".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.