"Iñaki de Juanak bizitza normala egin ahal izango du osatzen denean". Mezu hori eman du gaur Juan Mari Olano Askatasunako ordezkariak prentsaurrekoan, Donostian; Irati Aranzabal presoaren neska-lagunarekin batera eman du. "Ospitala uzten duenean, Kontrol mekanismoak izango ditu Iñakik, baina gaur egun halako mekanismoak dituzten euskal herritar asko daude -auzitegira sinatzera joan behar, polizia-etxera joan behar...-. Eta ertzainek zainduta egongo dela esan dute, baina milaka euskal herritar gara poliziaren kontrolpen gaudenak".
Askatasunak dio De Juanak "helburuak beteta" ikusi dituela eta hori dela garrantzitsuena. "Ez gara hedabideetan eztabaida faltsuetan sartuko", adierazi du Olanok. Presoaren auzia bukatutzat eman nahi dute, "ez dugulako Zapateroren gobernuari arazorik emateko inolako asmorik, eskuin muturrari aitzakiak emanez".
Jose Luis Zapatero Espainiako Gobernuko presidenteari bide horretatik segitzeko eskatu dio Askatasuneko ordezkariak, "gaixotasun sendaezinak eta zigorraren hiru laurdenak beteta dituzten presoak aske utziz eta Parot doktrina kenduz". Horrek denak, Olanoren ustez, "prozesuari lagundu" egingo lioke.
Irati Aranzabal ere "pozik" azaldu da gaurko agerraldian, De Juana 24 urtean kanpoan izan eta gero berriro Euskal Herrian dagoelako. Gose greban egon den egunak "gogorrak eta latzak" izan direla esan du, "Iñaki askotan egon delako hil ala biziko egoeran eta gogorra delako pertsona bat hiltzen ari dela ikustea, baina bukatu da". Bi iritzi artikulu idazteagatik ia ehun urteko kartzela zigor eskaera jaso izanari aurre egiteari ere "gogorra" izan da haren ustez. "Iñaki atzo asko hunkitu zen erabakiaren berri jakin zuenean".
Presoaren eskaeraren alde "borrokatu" diren euskal herritarrei "eskerrak" eman dizkie Aranzabalek. "Haien borrokari esker dago Iñaki orain hemen, eta ez zenbait alderdi eta erakunderengatik".
Presoak lasai pasatu du gaua
Irati Aranzabalek esan duenez, De Juanak "lasai" pasatu du Donostiako Ospitalean gaua. Presoari azterketa medikua egin zioten atzo eta salda hartu zuen. Donostian denetik, senideen eta lagunen bisitak "arazorik gabe" jaso ditu.
Bi gose greba egin ditu abuztutik De Juanak: aurrena 63 egunekoa eta bigarrena 115ekoa. 55 kilo pisatzen ditu orain.
Presoak
Askatasunak dio De Juanak "bizitza normala" egingo duela osatzen denean
Juan Mari Olanoren ustez, presoak "helburuak beteta" ikusi ditu eta orain "ez dugu Zapaterori arazorik emateko inolako asmorik". Irati Aranzabalek esan du "euskal herritarren borrokari esker" dagoela De Juana Euskal Herrian "eta ez zenbait alderdi eta erakunderengatik". "Guk presoak ez ditugu bakarrik utziko etxean izan arte, maite ditugulako".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu