Askatasunak euskal presoen egoera konpontzera deitu du Frantziako Gobernua, ETAk ostegunean borroka armatua amaitzeko jakinarazi zuen erabakiaren ostean. Ohar batean esan du Askatasunak ETAren adierazpena ez dela helburu bat bere horretan, baitzik eta gatazkaren konponbiderako prozesuaren hasiera. Prozesu horretan Frantzia protagonista dela esan du Askatasunak, Espainia bezala, eta lehenik eta behin gatazka dagoela onartzera deitu du, eta ondoren presoen inguruan neurriak hartzera, bereziki egoera larrian daudenena.
Gaixo dauden presoak, zigorra beteta dutenak eta baldintzapeko askatasuna lor dezaketenak askatzera deitu ditu, eta horrekin batera isolamendua eta sakabanaketa ere amaitzeko eskatu die. Iheslarien eta deportatuen egoera konpontzeko ere eskatu die, eta gatazkak eragin dituen biktimak guztiak onartzeko. Popo Larrerekin eta Jon Anzarekin gertatu zenaren egia argitzeko eskatu diote, eta GALen atentatuetan parte hartu zuela onartzeko ere bai.