Polizia operazioa Ipar Euskal Herrian

Askatasunaren arabera, bost dira aske utzi dituzten atxilotuak

Ageda Goikoetxea, Aitziber Otegi, Maider Agerre, Oscar Bizkai eta Karine Leboucher dira Frantziako Poliziak libre utzi dituenak, Hasieran, Intza Oxandabaratz ere aske laga dutela zabaldu den arren, atxilotuta jarraitzen du iturri horren arabera. Guztira hamar dira Baionan eta Pauen Poliziaren esku segitzen dutenak. Poliziak dio lehergailuak egiteko materiala topatu dutela miaketetan.

2007ko irailaren 26a
13:31
Entzun
Herenegun Lapurdin eta Nafarroa Beherean egindako sarekadan Frantziako Poliziak atxilotutako hamabost lagunetatik bost aske utzi ditu bart goizaldean Frantziako Poliziak. Ageda Goikoetxea, Aitziber Otegi, Maider Agerre, Oscar Bizkai eta Karine Leboucher dira libre geratu direnak.

Hasiera batean, Intza Oxandabaratz ere aske zela zabaldu du Askatasunak. Gero, ordea, informazio hori gezurtatu egin du eta emakume hark inkomunikatuta jarraitzen duela agertu du.

Poliziak dio lehergailuak egiteko materiala topatu dutela miaketetan. "Kloratoa, 11 kilo". Petrolio bidoi berde bat aurkitu dutela ere esan dute polizia iturriek, "2006ko ekainean Alain Ducasseren jatetxe-hotelari eraso egiteko erabili zuten bidoiaren ezaugarrien antzekoa". ETAren agiriak eta propaganda aurkitu dutela ere jakinarazi dute. Horretaz gain, lau mila euro eraman dituzte poliziek, telefono mugikorrak, ordenadorak, Batasunaren eta Askatasunaren dokumentazioa, "Ipar Euskal Herriko etxe agentziei buruzko informazioa"...

Beste atxilotuak Pauen



Egun atxilotuta dauzkaten hamar euskal herritarrek Baionako eta Paueko (Frantzia) polizia etxeetan jarraitzen dute: Xabier Susperregi, Cedric Garai, Mizel Barnetxe, Mizel Kehaielt, Joan Bidart, Pantxo Flores, Yves Salaberri, Gorka Betolaza, Urtzi Garcia eta Intza Oxandabaratzek. Betolaza eta Garcia Hego Euskal Herrikoak dira, eta Poliziaren arabera, ezustean atxilotu zituzten, berariaz atxilotzera joandako besteen etxeetan zeudelako. Betolazaren eta Garciaren aurka bilatzeko eta atxilotzeko agindua emana du Espainiako Justiziak: lehenaren kontra Haika-Segi auzian ezarri zioten zigorra betetzeko eta bigarrenaren aurka ETAko kide izatea egotzita. Haiek Espainiaratzeko euroagindua jarri du abian Madrilek. Espainiako Justiziak etakidea izatea egozten dio Urtzi Garciari, baina Askatasunak jakinarazi du bizimodu normala eta agerikoa egiten zuela Nafarroa Beherean.

Frantziako Poliziako iturriek egunotan zabaldu dutenez, azken hilabeteetan Ipar Euskal Herrian turismoaren eta etxe agentzien kontra Irrintzi taldearen izenean egin diren erasoekin dute lotura atxiloketek. Levert eta Houyvet epaileek gidatu dute.

Askatasunak, berriz, Frantziako Gobernuak "operazio mediatikoa" egin duela salatu du, eta sarekadaren atzean "polizia muntaia" dagoela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.