Lesbiana, Gay, Bisexual eta Transexualen Eskubideen Aldeko Nazioarteko Eguna da eta hainbat elkartek manifestazioak antolatu dituzte Hego Euskal Herriko hiriburuetan sexu askapena aldarrikatzeko.
Ospakizuna eta aldarriak bat egingo dute Bilbo, Donostia, Gasteiz eta Iruñeko mobilizazio koloretsuetan. Gehitu elkarteko koordinatzaile Javi Ormazabalek adierazi duenez, "gaurko eguna alaitasunezko egun bat da, ospakizun bat, baina gure eskubideei eusteko borroka egun bat ere bada”.
EHGAM Euskal Herriko Gay-Les Askapenerako Mugimendukoek "Eliza katolikoaren hierarkiaren gogortasuna" nabarmendu dute: "Normalizatuak ez diren sexu harremanak kondenatzen jarraitzen duelako".
AMPGYL elkarteak gay, lesbiana, bisexual eta transexualen gurasoak biltzen ditu eta elkarteako Ramon Martinez ordezkariak beraien aldarrikapena azaldu du: "Gure seme-alaben eskubideak errespeta ditzatela eskatzen dugu, herri honetako beste edozein pertsona bezala har ditzatela. Hori ez baita gertatzen. Beren sexu izaerarengatik ez ditzatela diskriminatu eskatzen dugu".
Ipar Euskal Herrian, orain astebete egin zuten Harrotasunaren Eguna, Miarritzen.
Manifestazioak Hego Euskal Herriko hiriburuetan
Bilboko manifestazioa Moyua plazatik aterako da, 20:00etan, Zuen zerua, gure infernua, Ni un paso atras! lelopean, eta Santiago plazan amaituko da. Bizkaiko E-28 koordinakundeak antolatu du. Elkarte hauek biltzen dira dira koordinakunde horretan: Aldarte, Hegoak, EHGAM, MassMedea, Bizigay, Euskal Hartzak eta Cadaver Insurrecto.
Gasteizko manifestazioa Andre Mari Zuriaren plazatik irtengo da, 20:00etan, Zuen infernua, gure paradisua leloarekin. Siete Menos Veinte taldeak iragarri du manifestazio hori.
Iruñeko autobus geltokian, topaketa sexual maitekorrak izan dituzten pertsonak omenduko dituzte, 19:30ean, eta jarraian manifestazio bat aterako da Gure gorputzak ez dira murrizten! Contra los recortes, tijeretas! lelopean. Nafarroako E-28 plataformak deitu du manifestazio horretara. Talde hauek batzen ditu plataforma horrek: NUP Asanbladak, Bilgune Feminista, Hiesaren Kontrako Batzordea, Gazte Kontseilua, EHGAM, Kattalingorri, Lumatza, Munduko Medikuak, Rainwod Taldea, Sare eta SOS Arrazakeria.
Donostian, Murrizketarik gabeko berdintasuna. Matrimonio igualitario eta Heterokapitalismoaren aurka! leloekin abiatuko da manifestazioa, Bulebarretik, arratsaldeko 19:30ean, Gehitu, Errespetuz, AMPGYL eta Transmarikabollo koordinakundeko EHGAM, Bilgune Feminista, Garaipen eta Medeak taldeek deituta.