Politika

Askatasunaren eta AABen jardueren etetea baliogabea dela diote abokatuek

Espainiako Auzitegi Nazionalak biak legez kanpokotzat jo eta haien aktibitateak eteteko erabakia hartu zuen duela bost urte baino gehiago, baina oraindik ez da epaiketarik izan. "Epea agortuta dago bi kasuetan", esan du Zulueta abokatuak.

2007ko irailaren 27a
18:24
Entzun
Arantxa Zulueta abokatuak Askatasuna eta Amnistiaren Aldeko Batzordeak (AAB) erakundeen izenean gaur esan duenez, bion jardueren etetea preskribatuta dago gaur egun, "erabakia hartu zenetik bost urte pasatu direlako eta epea agortuta dagoelako bi kasuetan". Espainiako Auzitegi Nazionalak Askatasuna eta ABB legez kanpoko erakundetzat jo eta haien aktibitateak eteteko erabakia hartu zuen duela bost urte baino gehiago, eta oraindik ez da epaiketarik izan.

Aurtengo otsailean bukatu zen Askatasunaren kasuari buruzko epea eta iazko abenduan AABei buruzkoa. "Hori dela-eta, ez legoke biak legez kanpokotzat jotzerik orain", esan du Zuluetak.



Hori guztia "eskandalu politikoa" dela salatu du, eta "Espainiako Estatuak errepresioaren aldeko apustua" hartua duela.

Juan Mari Olano Askatasunaren eledunaren aurtengo atxiloketa eta kartzelatzea, berriz, "legezkoa ez" dela izan iritzi dio abokatuak, "Garzonek agindu zuelako eta Garzonek hori egiteko eskumenik ez zeukalako, Auzitegi Nazionaleko laugarren salak baizik". Olano 2001ean ere atxilotu zuten, AABetako kide izatea leporatuta. 2005a arte eduki zuten kartzelan, eta 60.000 euroko bermea ordaindu zuen irteteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.