Pasa den astean Getxon eta Berangon (Bizkaia) atxilotu zituzten lagunei buruzko autoak "oinarri juridikorik ez" duela adierazi du gaur Askatasunak. Autoaren ondorioz, zazpi atxilotuetatik seiri kartzela zigorra ezarri zieten, kale erasoak egin dituztela leporatuta.
Ander Mimenza eta Lander Labajoren atxiloketen inguruan Baltasar Garzon Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak ateratako autoan “baieztapen lotsagarriak” egiten zirela kritikatu du Askatasunak. Arantza Zulueta abokatuaren arabera, Garzonek emandako autoan bi gazte horiek "kale borroka egiteko argibideak ematen zituzten eta ETAko kide ziren. Baina non daude argibide horiek? Edo zergatik ez dituzte atxilotu lehenago?”.
Espainiako Poliziak nahi zuena entzun ahal izateko atxilotuek “tratu txarrak, presio psikologikoak eta mehatxuak” jaso zituztela salatu du Zuluetak, baina epaileak “ez zion kasurik egin” salaketa horri.
Askatasunaren ustez, Getxo eta Berangoko atxiloketek "oinarri juridikorik ez" dute
Atxilotuek tratu txarrak jaso zituztela salatu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu