Sanferminetako erasoarekin lotuta zigortu zuten guardia zibila pasaportea berritzen ahalegindu zen espetxetik atera eta hurrengo egunean. Haren asmoa Espainiatik irtetea zela argudiatuta, hura berriz espetxean sartzeko eskatu zuten fiskaltzak, akusazio partikularrak eta herri akusazioek. Uztailaren 5ean izan zen hori, eta gaur etorri da epaitegien erantzuna: aske jarraituko du erasotzaileak.
Nafarroako Auzitegiko bigarren aretoko bi epaileek egin dute erasotzailea aske mantentzearen alde, eta hirugarrena aurka agertu da. Boto partikularrean zehazten du hark espetxera itzuli beharko lukeela, epaitegiak ezarritako kautela neurriak urratu dituelako.
Iruñeko Udalak akusatua aske mantentzearen kontrako helegitea aukeztuko du. Hala jakinarazi du ohar bidez. Guardia zibilak pasaportea berritzeko ahalegina egin ondoren, "ihes egiteko arriskua baieztatu" egin zela adierazi zuen udalak, auzitegiari akusatuaren espetxeratzea galdegin zionean.
Nafarroako Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilari Ana Ollok adierazi du gobernua ez dagoela ados auzitegiaren erabakiarekin, eta aurreratu du helegitea aurkezteko aukera aztertzen ari dela. "[Akusatua] Pasaportea berritzen saiatu denean, behin-behineko askatasunean uzteko ezarri zioten baldintzetako bat urratu duela uste dugu".
Ollok gaineratu du auzitegiaren erabakiak harritu egin duela gobernua eta ziurtatu du gizartea ez datorrela bat auzitegiaren ikuspegiarekin.
Guardia zibila ez ezik, beste lau erasotzaileak ere aske daude. Izan ere, epaitegiek atzera bota zituzten akusazioak aurkeztutako salaketak, argudiatuta haiek behin-behinean aske uzteko erabakia irmoa zela, eta, beraz, ezin zitekeela haren aurkako helegiterik onartu.
Epaile baten baimenik gabe atzerrira joateko debekuaz gain, astean hirutan auzitegira joateko betebeharra ere ezarri zieten erasotzaileei, eta baita Madrilgo erkidegoan sartzekoa ere, han bizi baita eraso zioten emakumezkoa.