Aske utzi ditu Gorenak lau urteko zigorra zuten bi gazte

Delitua leporatzeko Auzitegi Nazionalak aurkeztutako frogak nahikoak ez direlako utzi ditu aske Gorenak

2011ko uztailaren 29a
00:00
Entzun
Espainiako Auzitegi Gorenak errugabetzat jo ditu Eneko Ostolaza eta Borja Oregi, Auzitegi Nazionalak haiek zigortzeko erabilitako «frogak» ez direlako nahikoak «sute terrorista saioa» delitua leporatzeko. Auzitegi Nazionalak biei ipinitako lau urteko espetxe zigorrari auzipetuek aurkeztutako helegitearen ostean hartu dute erabakia Auzitegi Goreneko epaileek.

Auzitegi Nazionalak lau urteko espetxe zigorra ezarri zien Ostolazari eta Oregiri 2010ean, hiru urte lehenago Markinan (Bizkaia) autobus bat erretzea leporatuta. Gorenaren iritzian, ordea, Auzitegi Nazionalak ez zuen «nahiko froga» hori baieztatzeko. Oregiren aurka dagoen froga bakarra inkomunikazio egoeran Poliziaren aurrean egindako deklarazioan egozten zaiona onartzea da. Baina garai hartan, deklarazioak torturapean egin zituela salatu zuen Oregik. Hori dela eta, Oregiri «sute terrorista saioa» delitua leporatzeko frogaren «ahultasuna» azpimarratu du Gorenak.

Ostolazari dagokionez, berriz, Gorenak dio berak eta atxilotutako beste batzuek inkomunikatuta zeudela onartu zutela autobusa erre izana, baina deklarazioa ez zutela berretsi epailearen aurrean. Hori kontuan hartuta, deklarazioa berresteko beste elementuren bat behar zela dio Gorenak, eta ez dagoela. Ostolazak ere, torturak salatu zituen inkomunikazio egoeran.

Gorenak hartutako erabakian parte hartu duen Miguel Comenero epaileak azaldu du norbere burua errudun jotzeko polizia deklarazioak ez duela balio froga gisaa, «ez badago beste elementu objektiborik ahozko epaiketaren ondoren».

Auzitegi Nazionalak, ordea, beste elementurik gabe zigortu zituen. Hala ere, Auzitegi Nazionalean egindako epaiketan, beraiek ez zutela autobusik erre esan zuten auzipetuek, autobusa erre zen ordu eta egunean beste zeregin batzuetan zeudela argudiatuz.

Lehendik epaituta

Epaiketa horren aurretik, baina, Ostolaza eta Oregibeste sei gazterekin batera, Segiko kide zirelakoan «erakunde terroristako kide» izatea egotzita epaitu eta zigortu zituzten Auzitegi Nazionalean 2009. urtean.

Baina auzipetuek helegitea aurkeztu zuten epaiaren aurka.Gorenak lau gazte absolbitu egin zituen, ez zegoelako autoinkulpazioak baieztatzen zituen «kanpoko» beste frogarik. Absolbitutako gazte horien artean zegoen Oregi markinarra.

Gazteek behin eta berriz salatu zuten polizien esku inkomunikatuta egon zirenean egin zituztela deklarazioak, tratu txar eta torturen ondorioz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.