Indarkeria matxista

Aske utzi dituzte Bilbon sexu eraso batekin lotuta atxilotu zituzten bi gizonezkoak

Bilbon ez ezik, gizonezko bat atxilotu dute Donostian ere, emakume bati sexu erasoa egitea egotzita; irailaren 19an gertatu zen erasoa.

Indarkeria matxistaren kontrako manfestazio bat, joan den asteartean, Bilbon. MONIKA DEL VALLE, FOKU
2019ko irailaren 30a
09:51
Entzun

Emakume batek eraso egin diotela salatu zuen, atzo, Bilbon. Erasoa Uribarriko jaietan izan zen, goizaldean, eta Udaltzaingoak bi gizon atxilotu zituen Matiko kalean, sexu askatasunaren aurkako delitua egitea egotzita. 

Salaketaren arabera, ukituak egin zizkioten bi gizonek emakumeari. Udaltzaingoak atzeman ditu bi gizonak, eta Ertzaintzaren esku utzi ditu jarraian. Atxilotuak atzo arratsaldean igaro ziren epailearen aurretik, eta hark bi gizonezkoak aske uztea erabaki du. Hala ere, egunero azaldu beharko dute epaitegian. Fiskaltzak ez du eskatu atxilotuak espetxeratzeko.

Donostian, beste atxilotu bat

Gizonezko bat atxilotu du gaur arratsaldean Ertzaintzak, Donostian. Irailaren 19an —ostegunez— emakume bati sexu erasoa egitea egotzi diote. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi du emakumeak gaur goizean salatu duela erasoa. Donostiako Udalak erasoa "guztiz" gaitzetsi du, eta udalbatzak elkarretaratzera deitu du bihar eguerdirako, Alderdi Ederren. Herritarrak deitu ditu erasoa salatzeko antolatuko diren mobilizazioetan parte hartzera.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.