Espainiako Barne Ministerioak jakinarazi duenez, guztira sei izan dira atxilotuak: bost Gasteizen eta bat Donostian. 2014 eta 2015eko Gasteizko jaietan ekitaldi publiko ugaritan ETAren ikurrak soinean eraman zituztelakoan, "terrorismoari gorazarre" egitea egotzi diete. Ikur horiek zeramatzatela argazkiak sare sozialetan zabaldu izana ere aipatu du Barne Ministerioak, ohar batean.
Hala ere, zazpigarren atxiloketa baten berri eman du Eleak mugimenduak. Lierni Arakama, Iñaki Ezeiza, Ekain Gartzia, Iosu Etxeberria, Arlantz Perez de Nanclares eta Iñaki Muñoz Gasteizen atzeman dituzte, eta Aritz Armendariz aguraindarra Donostian, klasera bidean zihoala. Guztiak aske utzi dituzte.
Polizia operazioa salatzeko, 20:00etarako protesta egin dute Gasteizen, Andre Maria Zuriaren plazan.