Aske utzi dituzte Sloviansken bahitutako behatzaile militarrak

Apirilaren 25ean bahitu zituzten ESLAko hamabi mandatari, Ukraina ekialdera bidean zihoazela.  

Samara Velte.
2014ko maiatzaren 4a
09:23
Entzun

Slovianskeko milizia errusiazaleek aske utzi dituzte joan den astean bahitutako ESLA Europako Segurtasun Lankidetzako Antolakundearen misio behatzaileko hamabi kideak. Zazpi atzerritar daude tartean: Alemaniako naziotasuna duten hiru militar, Danimarkako, Poloniako eta Txekiar Errepublikako bana, eta itzultzaile alemaniar bat. Beste bost militar ukrainar ere askatu dituzte baldintzarik gabe. ESLAk jakinarazi duenez, guztiak ongi daude eta Alemaniatik joandako talde baten babesean jada.

Europako Batasunak, Ukrainako Gobernuak eta Errusiak adostutako misio zabalagoaren parte da behatzaile taldea. Apirilaren 25ean bahitu zitzuten Slovianskeko Herri Errepublikako milizianoek, Ukraina ekialdera zihoazela: espioi lanak egin nahi izatea egotzi zieten. Moskuk aurretik ere ohartarazi zuen halako misio batek ekialdeko autonomiaren aldeko ekintzaileen onespena behar zuela, baina mendebaldeko mandatari militarrak euren kabuz abiatu ziren Slovianskera. Han nagusi diren talde errusiazaleek gatibu hartu zituzten, eta haien esku egon dira atzora arte. «Egoera negargarria» kontuan izanda, «ahalik eta ondoen» tratatu dituztela argitu du Axel Schneider bahituen bozeramaileak aske geratu berritan. Beste behatzaile bat, norvegiarra, lehenago askatu zuten, osasun arrazoiak direla medio.

Espero gabeko keinua

Hasieran, gatibuak truke txanpon gisa erabiliko zituztela iragarri zuten bahitzaileek, gobernuaren aurkako protestetan atxilotutako errusiazaleak askatzearen truke. Azkenean, Errusiak egin ditu bitartekari lanak: Vladimir Lukin Ukrainarako mandataria arduratu da bi aldeen arteko harremana koordinatzeaz, eta atzo utzi zituzten aske, Slovianskeko kontrolgune batetik gertu. Lukin bera haraino joana zen, bahitzaileekin negoziatzera. Mandatariak prentsari adierazi dionez, gatibuak aske uztea ez da «negozio» bat izan ekintzaile errusiarrentzat: «Borondatezko giza ekintza bat izan da, eta asko eskertzen diegu hiria kontrolpean dutenei».

Dena den, ohartarazi du Errusiak eragin gutxi daukala ekialdean errepublika autonomoak aldarrikatzen dituzten taldeengan; are gutxiago, Kievetik mehatxatuta sentiarazten badituzte. Horregatik, ekintza militarrak eteteko eskatu du Lukinek. ESLAk ere abisu eman du egoerak aise egin dezakeela okerrera, eta alde guztiei eskatu die «arduraz, erabateko moderazioz eta indarkeriarik gabe» jokatzeko; gatazka negoziazioen bidez eta Genevan adostutako ituna betez konpontzeko eskatu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.