Emakumeen kontrako indarkeria

Aske utzi dute Maria Puy Perez desagertuaren bikotekide ohia

Lizarrako Auzitegiko epaile batek hartu du neurria; behin-behinean eta bermerik gabe utzi du libre. Hango emakumea urriaren 11tik falta da, eta sei egunera sartu zuten espetxean gizonezkoa.

2009ko urtarrilaren 13a
17:50
Entzun
Lizarrako (Nafarroa) 1. Instrukzio Auzitegiko epaile batek aske utzi du gaur Maria Puy Perez Ezpeletaren bikotekide ohia. Joan den urriaren 11tik dago desagertuta emakume hura -Lizarrakoa da-, eta gertaera horrekin lotura atxilotu eta sartu zuten kartzelan 50 urteko J.M.M.D. gizonezkoa (Aiegi, Nafarroa). Urriaren 13an atzeman eta 17an sartu zuten espetxean, Iruñean. Urruntze agindua haustea, legez kanpoko armak edukitzea eta indarkeriaz lapurreta egitea egotzi zioten. 2006ra urtera arte bikote harremana zuten biek.

Behin-behinean eta bermerik gabe utzi du libre epaileak. Astelehenero epaitegira joan beharko du, sinatzera. Horretaz gain, pasaportea kendu diote eta ezingo du Espainiako Estatutik irten.

Espainiako Fiskaltzak eskatu zion epaileari hura aske uztea, urtarrilaren 7an, eta horri atxiki zitzaion defentsa. Honek aurretik galdegin izan zuen gizonezkoa kartzelatik ateratzeko, baina Lizarrako epaileak atzera bota zuen eskaera.

J.M.M.D.-k berriro esan du errugabea dela bera.

Nafarroako foruzainek eta Guardia Zibilak maiz jardun izan dute Maria Puy Perez Ezpeletaren bila Lizarran eta inguruetan, baina ez dute topatu. Emakumea semearen futbol partida ikustera joatekoa zen urriaren 11ko goizean, baina ez zen hara azaldu. Salaketa arratsaldean jarri zuten Lizarrako polizia etxean, eta haren bila hasi ziren orduan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.