Askotariko indarkerien biktimak omendu ditu goizean Eusko Legebiltzarrak, eta PPk, azken urteetan egin bezala, ez du parte hartu ekitaldian. EAJko, EH Bilduko, Elkarrekin Podemoseko eta PSE-EEko ordezkariak izan dira omenaldian, eta baita Eusko Jaurlaritzako sailburuak eta Iñigo Urkullu lehendakaria ere. Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren idazkari nagusi Jonan Fernandez eta departamentuko beste ordezkariak ere egon dira. Ekitaldia 10:30ean hasi da, Gauerdiko Iparrorratza eskulturaren ondoan. Txalaparta doinuekin batera, legebiltzar taldeetako ordezkariek eta Jaurlaritzako sailburuek loreak paratu dituzte biktimen alde. Agur jaunak kanta entzun ostean, eta bi minutuko isilunea eginda, amaitu egin dute omenaldia.
Eusko Legebiltzarreko ekitaldia hasi baino ordu erdi lehenago, eta handik metro gutxira, Etxerat elkarteak elkarretaratzea egin du sakabanaketa politikak eragindako biktimak gogoan hartuta. EH Bilduko legebiltzarkideek ere bat egin dute bilkurarekin. Itzaletik aitorpenaren argitara lelopean egin dute elkarretaratzea. Urtzi Errazkin Etxerat-eko bozeramaileak gogoratu du 28 urte hauetan urrunketa politikak biktima ugari eragin dituela, tartean, 16 hildako. Etxerat-en ustetan, 1978. eta 1999. urteen artean izandako eskubideen urraketen biktimen aitorpenerako legeak biktima horien aitortza eta erreparazioa jaso beharko luke. "Aitortu gabeko sufrikario bati, eta, une honetan oraindik aktibo dagoen giza eskubideen urraketa izanik, sufrimendu eta kalte konponezinak eragiten ari den egoera bati heldu nahi diogu", esan du Errazkinek.
Memoriaren Eguna ospatzeko, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako instituzioek ekitaldi ugari egingo dituzte gaur. Arratsaldean beste ekitaldi bat egongo da Gogora institutuak Bilbon duen egoitzan, 17:00etan. Udal askok ere ekitaldiak antolatu dituzte.