Karlos Garaikoetxea Jaurlaritzako lehendakari ohia, Ramon Labaien Jaurlaritzako sailburu izana, Julen Madariaga mugimendu abertzaleko kide historikoa, Nestor Basterretxea eskultorea, Iñaki Perurena harrijasotzailea, Andoni Egaña bertsolaria, Mikel Labaka Realeko jokalaria, Joxe Agirre fraide beneditar eta artxibozaina, Porrotx pailazoa zein Eñaut Elorrieta Ken7ko kantaria helburu bakar baten inguruan bildu dira gaur Donostiako Miramar Jauregian: autodeterminazioaren aldeko Unea iritsi da ekimenari babesa agertzea.
Gipuzkoako Goierri eskualdean du sorburua ekimen horrek, eta autodeterminazio eskubidearen aldarrikapenean askotariko eragileak, gizartearen ordezkaritza zabalak, bat egitea lortu dute. Besteak beste, EAJko, ezker abertzaleko, Aralarreko eta EAko ordezkarien babesa jaso dute. Halaber, harreman estua landu dute Eskoziarekin, herrialde hartan autodeterminazio eskubidea gauzatzekotan direla-eta esperientzia hartatik zer ikasia dagoela iritzita.
Hain justu, datorren larunbatean, hilaren 16ean, aldarrikapen festa egingo dute Ordizian (Gipuzkoa), eta Eskoziako ordezkaritza zabalak parte hartuko du ekimenean. Antolatzaileek diotenez, inoiz Eskoziatik kanpo Europan egin den Eskoziako kulturaren erakustaldirik zabalena izango da.
"Autodeterminazioa gauzatzeko unea"
"Euskal Herria nazio naturala da, bere etorkizuna erabakitzeko eskubidea du, euskal herritarrik dugu autodeterminatzeko eskubidea, eskubide demokratiko unibertsala denez, Euskal Herrian eta nazioartean eskubide horren eskaera egingo dugu", dio euskaraz Juan Joxe Agirre beneditarrak, gazteleraz Andoni Egaña bertsolariak eta frantsesez Mertxe Colina ABko buruzagitzako kideak irakurri, eta gainerako parte-hartzaile guztiek sinatu duten idatziak.
Baina ekimenean batu direnek azpimarratu dute ez dutela eskaera hutsean geratu nahi, baizik eta "autodeterminazioa gauzatzeko unea" iritsi dela. "Hemen bildu garenok, eguneroko itxituretatik irten eta langa pasatzeko erabaki sakona hartu dugu. Txindokiren magaleraino heldu nahi dugu elkarrekin, Larraitz topaleku izan dadin", diote. Eskubidea gauzatzeko oinarria giza eskubideak, zein eskubide zibil eta politiko guztiak errespetatzea dela zehaztu dute.
Arestian esan bezala, gaur Euskal Herri osoko eragileen babesa jaso du Goierrin sortutako ekimenak. Lehen aipatutakoez gain, Maria Eugenia Arrizabalaga EAJko legebiltzarkidea, Tasio Erkizia eta Jone Goirizelaia ezker abertzaleko kideak, Loren Arkotxa Ondarroako alkate ohi eta Udalbiltzako auzipetua, Ainhoa Beola Donostiako Aralarreko zinegotzia, Ikerne Badiola EAko komunikazio arduraduna eta Mertxe Colina ABko zuzendaritzako kidea izan dira ekitaldian. Haiekin batera, alderdi horietako ordezkari goierritarrek osatu dute politikarien eremua, hala nola, Patxi Plazaola Beasaingo alkate jeltzaleak.
Martxelo Otamendi BERRIAko zuzendaria, Amets Arzallus eta Jon Maia bertsolariek, Ixiar Arratibel ESAITeko ordkezkariak, Oreka TX taldeko kideek osatu dute beste hainbaten artean Miramar jauregiko babes ordezkaritza.
Politika
Askotariko eragileek egin dute bat 'Unea iritsi da' autodeterminazioaren aldeko ekimenarekin
EAJ, ezker abertzale, Aralar, EA eta ABko ordezkariek parte hartu dute gaur Miramar jauregian egin den babes ekitaldian, eta gizarte arloko eta kultur munduko jende ezaguna izan dute alboan. Datorren larunbatean Ordizian egingo den festan parte hartzeko deia egin dute. Eskoziako ordezkaritza zabala izango da Ordizian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu