Euskal Konfederazioak eta Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak ontzat jo dute Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako herriko bozetara aurkeztutako «kolore politiko ezberdinetako» hainbat hautagaitzak «hizkuntza politika baten aldeko engaiamendua» izenpetu izana. 33 udalerritako 55 zerrendak sinatu dute, oraingoz. «Egungo baldintzak ezinhobeak dira hizkuntza politika ausarta, orekatua eta harmonizatua garatzeko», esan dute Euskal Konfederazioak eta Kontseiluak, ohar batean.
Otsailaren 6an Hizkuntza eskubideak bermatzeko protokoloaren herriko etxeetako garapena dokumentuaren aurkezpen publikoa egin zuten Baionako merkataritza ganbaran. Dokumentuaz gain, hautagaiei zuzendutako Engaiamendua ere aurkeztu zuten. Aurkezpen hartan hogei bat hiri eta herritako hautagaiek hartu zuten parte.
Dokumentuak «neurri zehatz sorta aberatsa» jasotzen du euskara hainbat arlotan garatzeko, hala nola herriko etxeak herritarrei eskaintzen dizkien zerbitzuetan, herriko etxearen komunikazio jardueran, herriko etxeko barne funtzionamenduan edota herriak eragina duen eremuetan (hezkuntzan, eremu sozioekonomikoan, kulturan...).
Euskal Konfederazioak eta Kontseiluak azaldu dutenez, engaiamenduaren bidez hautagaiak aitortzen du euskararen garapenerako hizkuntza politika arloan herriko etxeak duen erantzukizuna eta hizkuntza politikaren gauzapenean gizarte eragileek egiten dituzten ekarpenak. Horrez gain, hautagaia engaiatzen da hautetsi izanen herrian, ondoko sei urteetan, euskararen garapenaren aldeko hizkuntza politika planifikatuak abian ezartzea eta garatzea.
«Ez dezagun aukera hori gal eta herriek aldeko baldintza hauek balia ditzatela!», adierazi dute bi elkarteek.